Oñatiko udala

Araotzen aparkalekuak egokitzeko aurreproiektuaren aurkezpena egingo da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2021/01/21
Card image cap
Araotz, Garagaltza eta Olabarrietako auzo-alkateen eskaerak ere aztergai izango dira

  Naturak erakarrita asko ugaldu dira azken urteetan Araotza hurbiltzen diren mendizale eta bisitariak. Horrek aparkaleku arazoa eragin du eta auzo-alkateak proposatuta Madiña auzunerako bidegurutze inguruan zabalguneak aparkaleku gisa egokitzea aztertu zen. Era berean, Araotz Urruti auzunerako bidegurutze inguruan aparkalekuak egokitzeko beste gune bat legokeela eta, hartarako aurreproiektua idaztea onartu zen pasa den irailean. Egindako lanaren berri emango da arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean.

  Araozko auzo-alkateak auzoko bideetan hainbat seinale jartzeko egin duen eskaera ere aztergai izango da bileran. Baina Araotzeko auzo-alkatak ez ezik, Garagaltza eta Olabarrietakoek ere hainbat eskaera bideratu dituzte, guztiak mahai gainean izango dira gaur arratsaldean.

  Beste eskaera bat aurkeztu du Itelazpi enpresak: Kortakogainetik Belarrera doan linea elektrikoaren zorgunean dauden zuhaitzak mozteko baimena. Eskaera, Ingurumena batzordearen eskutik iritsiko da gaurko bilerara. Eta Berdintasuna batzordeak berriz, gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasuna sustatzeko dirulaguntzen oinarri arautzaileak onartu eta aurtengo deialdia egiteko proposamena eramango du gaurko Tokiko Gobernu Batzarrera.

  Lan zerrendan 15 gai jaso dira.     


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!