Antixeneko parkeko arbolak moztu edo kimatzen ari dira

2019/02/20
Card image cap
Oso handiak zeuden eta segurtasunagatik hartu da mozteko erabakia

  Bolumen handia hartua zuten Antixena parkeko arbolek. Parkeak dituen dimentsiotarako handiegiak ziren eta inguruko eraikinetatik oso hurbil zeuden adarrak. Horrek, arriskua sortzen zuen, bereziki haize handia egiten zuenean, baina baita, arbola gaixotu eta adarren bat usteltzen bazen. Hainbat arbolen adarrak inguruko eraikinen teilatu gainetik luzatu baitziren.
Inguruko bizilagun batzuk udalera jo zuten egoeraren berri ematera eta herriko lorategi eta arboladiez arduratzen den enpresako teknikariekin kontrastatu ondoren, ingurua arintzeko erabakia hartu zen.

  Plataneroak, Indiar gaztainondoak eta magnolio bat dira Antixeneko parkean daudenak. Bakoitzaren ezaugarriak, tamaina, eta, bereziki, kokapena ikusita erabaki da zein neurri hartu. Kantonostera ematen zutenak ipurditik moztu edo bota dira, ondoko horma kaltetzen ari zirela eta eraikinen gainera jausteko arriskua zutela ikusi baitzen. Inguruan dauden beste arbola batzuetako adarrak berriz kimatzen ari dira, arbolaren altura bost bat metrotara jaitsiz. Orain arte bota edo kimatu diren arbola horiek hostoa galtzen duten arbolak dira. Negua aprobetxatu da hain zuzen ere, adarrak moztu baina arbolei ahalik eta kalte txikiena eragiteko. Magnolioa da inguruan dauden arboletatik hostoa galtzen ez duen bakarra. Kasu honetan ere, alboko etxearen aldera luzatu dira magnolioaren adarrak eta moztu beharrean daude. Ez dira erabat kimatuko baina bolumena kenduz, forma emango zaie. Helburua, esan bezala, arbolen tamaina parkearen zabalerara egokitzea da eta nagusiki, inguruko eraikinen gainera jausiko ez direla ziurtatzea, segurtasuna, alegia.

  Urtarrilaren 24ean hasi ziren Antixeneko parkeko zuhaitzak kimatu eta mozten. Lanak, aste honetan amaitzea espero da.     

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!