Altsasuko auziko zigor eskaeren inguruko mozioa aho batez onartu zen azken Osoko Bilkuran

2017/07/24
Gertaerak terrorismotzat kalifikatzeko zantzuak ez daudela eta Iruñean epaitu beharko liratekeela dio idatziak

  Udalbatza osatzen duten bi alderdiek adostutako mozioa aho batez onartu zen ostegunean. Hiru puntuko idatzia da.  Udalak erabateko desadostasuna adierazten du Fiskalaren zigor eskaeren aurrean, gertaeren bilakaerarengatik kezka azaltzen du. Kasua, onartezina den neurrigabekeria eta bidegabekeriara heldu dela gaineratzen da. Bigarren puntuan elkarbizitzarekiko, justiziarekiko eta pertsona guztien gisa eskubideen errespetuarekiko konpromiso irmoa adierazten du udalak. Eta Altsasuko kasua inguratzen duen neurrigabekeria normaltasun eta elkarbizitza demokratikoen aurkakoa dela dio. Azkenik, Nafarroako Probintzia Auzitegiarekin bat egiten du udalak,  gertaerak terrorismotzat kalifikatzeko zantzuak ez daudela eta ondorioz, Iruñean epaitu beharko liratekeela dioenean.

  Iazko urriaren 15ean Altsasuko taberna batean gertatutakoak eta horren ondotik Estatuko Fiskaltzak auziperatuentzat eskatutako zigorrak dira ostegunean onartu zen mozio bateratuaren oinarria. Bi guardia zibil eta euren bikoteak zauritu ziren taberna batean gertatutako liskarraren ondorioz. Gertaerak terrorismotzat jo ziren eta Auzitegi Nazionalean epaituko dira.

  Uztailaren 4an Estatuko Fiskaltzak auziperatutako 8 gazteentzat eskatzen dituen zigorrak ezagutu ziren: 64 urte eta 6 hilabete gazteetako batentzat, 50 urte beste seirentzat eta 12 urte eta 6 hilabete zortzigarrenarentzat. Oñatiko udalak, zigor eskaera hauekiko erabateko desadostasuna adierazi eta epaiketa Iruñean egin dadin eskatu du aho batez onartutako mozioan.

Iturria: Oñati Irratia