Aitor Arregiren “La trinchera infinita” filma Donostiako Zinemaldian lehiatuko da

2019/07/19
Card image cap
Zinemaldiaren sail garrantzitsuenetan ikusiko diren Espainian ekoitzitako hamabost lanak aurkeztu dira

  Loreak eta Handia filmen taldea Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko da berriro La trinchera infinita lan berriarekin. Muntaia  amaitu berritan Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendariak Zinamalditik zein berri jasoko zain zeudela aurreratu genuen pasa den astean, justu La trinchera infinita filmaren kartela aurkeztu eta estreinaldia urriaren 31n izango zela iragarri zutenean. Berria goizean iritsi da eta irailaren 20tik 28ra bitartean egingo den Zinemaldiaren 67. edizioan izango dira Urrezko maskorra eskuratzeko lehian.

  Sail Ofizialean eta lehiaketan aurkeztuko dira baita ere Belen Funes kataluniarraren lehen film luzea,  La hija de un ladrón, eta Alejandro Amenabarrek zuzendu eta Miguel Unamuno idazlea gorpuztuz Karra Elejalderen partaidetza duen Mientras dure la guerra filma. Hau ere, 36ko estatu kolpe faxista oinarri duen istorioa.

  La trinchera infinitak 1939an bere etxean ezkutatu zen eta 33 urtez gordeta egon zen Higinio Blanco pertsonaiaren istorioa kontatzen du, fikziozko istorioa. Filmak beldurraren inguruko alegoria egiten du  eta itxialdi fisikoaren bidez, itxialdi psikologikoaz jarduten du, egileek adierazi dutenez. Filma Andaluzian eta Euskal Herrian errodatu zuten iaz, gaztelaniaz, eta aktore nagusiak Antonio de la Torre eta Belén Cuesta dira. Gidoia Luiso Berdejo eta Jose Mari Goenagak idatzi zuten eta Goenagak berak, Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendu dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!