Adingabeen trafikoa Europar Batasunaren eremuan aztergai da unibertsitate zaharrean

2016/04/28
Biktimen eskubideak nola babestu eztabaidatzen ari dira 19 aditu

  Pertsonen trafikoa egungo gizartearen esklabutza berria dela esaten da. Mundu mailan, prostituzioarekin batera, krimen errentagarrienetakoa dela diote hainbat iturrik. Baina adingabeen trafikoak berezitasunak ditu, halako sareetan harrapatzen dituzten haur eta gaztetxo asko sexualki esplotatzen badira ere, beste batzuk, etxeko lanetan edo eskulanetan esklabu gisa aritzen baitira, eskean ibiltzera behartzen dira, organo trafikorako erabiltzen dira edota gatazka armatuetan haur soldatu gisa aritzera behartzen dira.

  Giza trafikoaren biktima nagusiak emakumeak eta adingabeak diren arren, halakoei aurre egiteko ekimenak emakumeei zuzenduta daude gehienetan. Gero eta agiriago geratzen ari da ordea, trafikanteen jomugan haur eta gaztetxoak daudela eta egungo krisi egoeraz baliatzen ari direla. Europolek, Europako Polizia Bulegoak emandako datuen arabera, Europara iritsi diren 10.000 haur errefuxiatu inguru desagertuta daude.

  Adingabeen sektorea bereziki ahula da gaurko gizartean. Babesteko neurri asko hartzen diren arren, bai nazional nahiz nazioarte mailan, bere eskubideak sarriegi urratzen dira. Eta gazteak etorkizuna direla esaten bada,  babestuko dituen benetako inguru bat eskaini behar zaie.

   Europar Batasunak, 2013an, giza trafikoaren kontrako direktiba berria onartu eta indarrean sartu zuen. Aurretik zeudenekiko berritasuna ekarri zuen, krimenari aurre egiteko, gobernuen lankidetza ez ezik, Gobernuz Kanpoko Erakunde edota enpresena eskatzen zuelako, besteak beste. Direktiba horren balio eta erabilgarritasunaz eztabaidatzen ari dira Lege Soziologia Institutuan elkartu diren 19 adituak. Bide batez, direktiba berritu eta hobetzeko iradokizunak zehazten ere saiatuko dira.

Iturria: Oñati Irratia