Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean ez da organikoaren bilketarik egingo enpresa eta industrialdeetan

2018/12/19
Hurrengo egunetan batzea nahi dutenek, eskaera egin behar diote Mankomunitateari

  Gabonetako egun seinalatuetan hondakinen bilketa egokitu egiten da langileen jai egutegira. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean ez da enpresa eta industrialdeetako zerbitzurik beteko, eta horren ordez, bilketa berezia antolatu da hurrengo egunetarako, abenduaren 26 eta urtarrilaren 2rako. Ez ordea guztientzat, propio eskatzen duten enpresentzat soilik.

  Asteartetan hondakin organikoak batu ohi dira enpresetan. Datozen bi asteetan berriz, bilketa hori asteazkenetan egingo da, ontzi arinen bilketarekin batera. Baina organikoaren bilketa berezi hori jaso nahi duten enpresek hala eskatu behar diote Mankomunitateari. Aurreko egunetan bilketa egunaren aldaketa eta eskaera egin beharraren oharra mailez jakinarazi zaie enpresa arduradunei. Bide berbera erabiliz eskatu behar dute zerbitzua, abenduren 26 edota urtarrilaren 2rako. Eskaera egiteko epea bihar, 13:00tan amaitzen da. Abisurik ematen ez duten enpresei ontzi arinak soilik jasoko zaizkie, asteazkenetako zerbitzua baita.

  Etxeetako hondakinen bilketan berriz, urteroko aldaketa egingo da eta abenduaren 24 eta 31n bilketa arratsaldeko lehen ordutan egingo da. Astelehenarekin etorriko dira Gabon eta Gabon Zahar egunak, hau da, papera batzen den egunarekin. Bi egun horietan paperen kuboak, eta pardelak, 14:00tarako atera beharko dira, batze kamioiak ordu horretan irtengo baitira zerbitzua betetzera. Beranduago ateratzen direnak batu gabe geratuko dira. Neurri honekin, hondakinen bilketa zerbitzua ziurtatu baina aldi berean, horretan diharduten langileen jai eskubidea bermatu nahi da.

Iturria: Oñati Irratia