8 eskaera jaso dira San Martingo baratza parkean libre dauden ortuen esleipen prozedurara

2015/07/07
Onartu eta baztertuen behin behineko zerrendak argitaratu dira

  Atzo arratsaldean jarri zen udaletxeko iragarki taulan eta web atarian zerrenda ikusgai. Gaurtik aurrera berriz, erreklamazioetarako 10 laneguneko epea ireki da.

  Zortzi lagunek eskatu dute San Martingo baratza parkean libre dagoen orturen bat landu ahal izatea, baina eskaera bat baztertu egin da ez baitzuen, herrian sei hilabeteko antzinatasunez erroldatuta egotearen baldintza betetzen. Dena den, onartu eta baztertuen zerrenda behin behinekoa da. Oraindik aldaketak egon daitezke baldin eta erreklamazioren bat aurkezten bada. Erreklamazioetarako epea, uztailaren 20an amaitzen da. Epe hori beteta, zozketarako onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratuko da eta zozketa eguna ere jakinaraziko da, aisialdiko ortuen esleipena, zozketaz egingo baita. Hala egin zen baita ere, iazko udazkenean jaso ziren lehen eskaerekin. Abenduko zozketan 53 baratza esleitu ziren eta deialdi berri honekin, hutsik geratu ziren 21ak adjudikatu asmo ziren, baina eskaerak gutxiago izan dira eta hainbat ortu hutsik, eman gabe geratuko dira berriro.

  San Martingo ortuen esleipenerako bigarren zozketa eginda, onuradunek , 70 €-ko kuota ordaindu beharko dute urteko errenta kontzeptuan eta horri, beste 70 €-ko fidantza batu behar zaio, udal jabaria egoki erabiliko denaren berme gisa. Izan ere, baratze parkean hainbat gune eta azpiegitura komun baitaude, aldagelak, komunak eta tresneria gordetzeko biltegi etxolak, besteak beste. Era berean, dagoeneko ortuen erabiltzaile direnek osatu duten taldean parte hartuko da.

  Udalak, lursailen erabilera urtebeterako lagako du eta urtez urte luzatu ahal izango da lagapena, gehienez, bost urteko mugarekin.

Iturria: Oñati Irratia