416 sinadura bildu dira kartzela zigorrak batzeko europar legedia bete dadin eskatuz

2017/03/27
Oñatiko Sarek batu dituen sinadurak udaletxean aurkeztuta, gaia Osoko Bilkuran eztabaidatzea eskatu da

  Ostiralean aurkeztu ziren udal erregistroan zigorren batuketaren aplikazioa bete dadin eskaera babesten duten herritarren sinadurak, 416 guztira. Bide batez, Udalbatza osatzen duten bi alderdiei, EH Bildu eta EAJri, eskaera babestuz gaia Osoko Bilkurara eraman dezaten eskatu zaie.

  Europar Batasunak 2008an osatu zuen elkarteko estatu ezberdinetako sententzien eragina bateratzeko legea. Baina Espainiako Gobernuak legearen zentzua aldatu eta kartzela zigorrak batzearen aplikazioa oztopatuz lege berria egin zuen 2014ko azaroan. Ondorioz, egun kalean beharko luketen hainbat preso espetxean daude oraindik eta Alberto Plazaola oñatiarrak ezin du etxera itzuli.

  Europar legediak agintzen duena bete dadin eskatuz, sinadura bilketa kanpaina egin du Oñatiko Sarek azken asteotan eta egindako lanaren emaitza udaletxean aurkeztu du. Sinatu zuten herritar guztiei eskerrak emateaz bat ostegun arratsaldean udaletxean egingo den Osoko Bilkuran parte hartzeko gonbidapen publikoa egin du Sare plataformak.

Iturria: Oñati Irratia

Sinadurak udaletxean aurkezten