40 eskaera jaso dira Herri Eguneko artisau azokan parte hartzeko

2015/07/24
Antolatzaileak aukeraketa egiten ari dira eta erabakiaren berri abuztuko lehenengo astean jakinaraziko da

  Lan zaila dute artisau azokako antolatzaileek, eskaera erdiei ezezkoa eman beharko baitiote. Unibertsitate zaharrean 20 postu jartzeko lekua dago soilik eta eskaerak 40 izan dira. Beraz, artisau bakoitzak aurkeztu duen txostena ondo begiratu beharko dute, ahalik eta azoka anitz eta aberatsena osatze aldera.

  Deialdia egin zenean parte hartzeko irizpideak adierazi ziren: artisauek egiten duten lanaren kalitatea eta produktu originalak izatea bereziki kontutan hartuko da, horrela, azokaren aniztasuna bermatu nahi baita. Lana egitearen prozesua bera ere jende agirian erakutsi nahi da eta ondorioz lana azokan bertan egin ahal izatea baloratuko da.
Herriko artisauentzat txoko berezia gordeko da eta 20 postuetatik 8, Oñatin jaio edo bertan bizi diren artisauek beteko dituzte. Postu hauek herritarrek beteko ez balituzkete, gainontzeko parte hartzaileen artean banatuko lirateke. Artisau ziurtagiria dutenei eta langintza hori ogasunaren aurrean egiaztatzen dutenei lehentasuna emango zaie azokan. Baita aurreko urteetan parte hartu ez duenei ere.

  Astelehenean itxi zen Herri Eguneko artisau azokan parte hartu ahal izateko eskaera epea. Orain, antolatzaileak, artisau bakoitzak egiten duen lanaren berri emanez osatu duen txostenak ikusten ari dira eta erabakiaren berri abuztuaren lehenengo astean jakinaraziko diete eskatzaile guztiei, onartuak nahiz baztertuak izan direnei. Horretarako, bakoitzak, harremanetarako telefonoa edo helbide elektronikoa jakinarazi du.

  Artisau azoka, urriaren 3an egingo da, Herri egunean ohikoa denez, unibertsitate zaharreko klaustroan.
 

Iturria: Oñati Irratia