344 haurrek parte hartuko dute uztailean egingo diren udaleku irekietan.

2014/04/30
Hauen ardura izango duten begiraleen hautaketa datorren astean egingo da.

  76 gazte dira udalekuetako begirale izateko izena eman dutenak. Gaiaz arduratzen diren teknikoak datorren astean begiratuko dituzte jaso diren eskaera guztiak eta aurrez zehaztuta dagoen baremoaren arabera puntuatuko dira. Asteartean bertan kaleratuko dira begirale izateko hautagaiek lortutako puntuazioen behin behineko zerrendak. Horrelakoetan egin ohi denez, zuzenketa eta erreklamazioetarako 3 eguneko epea izango da eta maiatzaren 12rako jada, behin betiko zerrenda argitaratuko da.

  Badakigu aurten 344 neska mutikok parte hartuko dutela udalekuetan baina adinaren arabera  taldeak osatzeko daude. Talde kopuru horrek baldintzatuko du kontratatuko den begirale kopurua. Dena den, kontratazio horiek egiteko datorren astean osatuko den puntuazio zerrenda jarraituko da. Zenbat behar diren eta zeintzuk proposatuko diren maiatzaren 12ko behin betiko zerrendan azalduko da.

  Baina kontratua, beti ere, udalekuak hasi aurretik egingo diren bi formakuntza saioetan parte hartzera baldintzatuko da. Saioak, maiatzaren 24an eta ekainaren 27an egingo dira eta begirale izateko bietan parte hartzea ezinbestekoa izango da.

  Udaleku irekien gai hau osatzeko, guraso berriei zuzenduta beste data bat: ekainaren 19a. Egun horretan, haurrak udalekuetara lehen aldiz bidaliko dituzten aita eta amentzako bilera informatiboa egingo da.

Iturria: Oñati irratia