30 herritarrek hartu zuten parte Euskararen Plan Estrategikoa diseinatzeko lehen bileran.

2012/09/21
Bihar egingo den bigarrenean, datozen urteetarako helburuak eta lehentasunak adostuko dira.

  Bihar, goizeko 9,30etan egingo da Euskararen Plan Estrategikoa diseinatzeko bigarren bilera euskaltegian. Datozen lau urteetarako helburuak zehaztu eta lehentasunak non jarri adostuko dute parte-hartzaileek. Bilera irekia izango da, eta aurreko bilerara etortzerik izan ez zuten guztiak parte hartzera gonbidatzen dira.

  30 lagun elkartu ziren Euskararen plan estrategikoa diseinatzeko pasa den astean egin zen lehen bileran. Hasieran eta euskararen egoera Oñatin zein den azaltzeko datu esanguratsuenak aurkeztu ziren. Ondoren Oñatin euskarak zein indar-gune eta gabezia dituen landu zen, parte hartzaileak talde txikitan banatuta.
Bilera giro onean joan zen, eta amaieran parte-hartzaileek egindakoaren balorazioa egin zuten. Jendeak lanerako prestutasun handia erakutsi zuen, eta bereziki gazteen parte-hartzea eta egindako ekarpenak nabarmendu ziren.

  Pasa den ostiraleko lehen bilera horretan herriko hainbat elkarte, ikastetxe eta taldeetako ordezkariek parte hartu zuten baina baita, beren kabuz eta gaian interesa zutelako hurbildu ziren herritar partikularrak ere.

  Biharko batzarrean, aurrekoan bezala, lantalde txikietan egingo da lan hasieran, eta bukaeran, denon artean Oñatin euskararen erabilera areagotzeko zein neurri hartu eta lehentasuna zeri eman adostuko da.
Gogoratu, zita berria, bihar goizeko 9 eta erdietan euskaltegian dela.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!