23 lagun aurkeztu dira udalak aldi baterako bete asmo duen igeltsero ofizial lanpostura.

2013/06/13
Baztertu eta onartuen zerrendak publiko egin dira eta zuzenketarako, ekainaren 18ra arteko epea ireki da.

  Udaletxeko iragarki taulan ikusi daiteke onartu eta baztertuen zerrenda hori. 21 hautagai onartu dira eta bi berriz, baztertu, kasu batean nortasun agiria eta eskatutako titulua ez aurkezteagatik, eta bestean, nortasun agiria ez aurkezteagatik eta eskaera ez sinatzeagatik. Falta diren dokumentu edo tramiteak ez dira betetzen zailak eta beraz, behin-behineko baztertuen zerrendan agertzen diren lagunek zuzentzeko aukera dute. Horretarako, datorren asteartera arteko epea dute.

  Udal brigada taldea osatu eta sortzen diren igeltsero lanak gidatzeko ofizial lanpostu honetara 23 lagun aurkeztu dira, 22 gizonezko eta emakume bakarra. Aldi baterako beteko den lanposturako hautaketa oposizio-lehiaketa bidez egingo da. Eta lehiaketa prozesuko merituak izango dira hain zuzen ere, neurtuko diren lehenak. Datorren astean bertan, onartu eta baztertuen zerrendarekiko zuzenketa eskaerarik badago horiek aztertu eta berehala egingo da merituen zenbaketa. Zerrenda hori ere, ahal dela, datorren astean argitaratuz.

  Izan ere, une honetan hutsik dagoen igeltsero ofizial lanpostua lehenbailehen betetzea komeni baita, atzeratuta dauden lanak egin ahal izateko.

  Esperientzia eta titulazio osagarriaren araberako merituen puntuaketa egin eta gero erabakiko da azterketetarako zenbait hautagai deituko diren. Oposizio prozesu horretan parte hartzeko guztiak deituko diren edo soilik puntuazio altuena dutenak.

  Azterketaldian, ariketa praktikoa egin beharko da eta euskarazko bigarren hizkuntza eskakizun maila agiri bidez egiaztatu ez dutenek, horri buruzko froga ere egin beharko dute. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!