“Oñatiko udalerriko landa-bide publiko nagusien azterketa” izeneko dokumentua jende agirian dago eta alegazio eta iradokizunetarako, abenduaren 15a arteko epea dago.

2014/11/14
Udalak beti izan du Ondasunen Inbentarioa ahalik eta modurik osatuenean eta errealitateari egokitua izateko asmoa.

  Bide publikoen atalari dagokionez, Udalak urteetan hormigoitu edo asfaltatu dituen bide guztiak jaso izan ditu Ondasunen Inbentarioan.Baina Udala jakitun da gaiak eztabaidak sortu dituela partikularren artean; izan ere, bide batek asfaltatzeko edo hormigoitzeko diru-laguntza bat jaso izateak bide hori publikotzat hartzea eta inbentarioan sartzea ekarri du automatikoki. Eta, aldiz, publiko izan zitezkeen beste gurdibide batzuk ez dira inbentarioan jaso urbanizatu ez direlako.

  Horregatik eta herri-jabariko ondasun higiezin guztiak Ondasunen Inbentarioan sartzeko asmoz, Sendo SL etxea kontratatu zuen udalak, herriko bide publikoak zeintzuk ziren zehazteko, gutxienez, zoladura dutenak zeintzuk diren zehazteko.

  Aipatutako lana amaituta, bide publikoak Ondasunen Inbentarioan sartu aurretik, hilabeteko epean, jende agirian jarri ziren. Santa Ana aretoaren sarrerakoan erakusketa egin zen otsailaren 10etik martxoaren 10era. Hilabeteko epe hori eman zen baita ere alegazioak aurkezteko. Jasotako alegazio guztiak jaso, aztertu eta erantzun ondoren, gaia, osoko bilkurara eraman zen.

  Urriko batzarrean, aho batez onartu zen “Oñatiko udalerriko landa-bide publiko nagusien azterketa” izeneko dokumentua hasierako izaeraz onartzea. Bide batez, dokumentua jendearen eskura jarri da udal bulegoetan, aztertu eta egoki ikusiz gero, alegazioak egiteko.

  Dokumentua kontsultatu eta alegazio edo iradokizunetarako epea, abenduaren 15ean amaituko da.

Iturria: Oñati irratia

 

Irudia: 2013ko bide inbentarioa