Oñatiko udala

“Lagundu laguntzen” lemapean Lesbosera dirua bidaltzeko kanpaina abiatu du Hotz Oñati taldeak

2020/09/16
Card image cap
Bideo berezi bat osatu dute hainbat herritarrekin elkarlanean

  Lesboseko Moriako kanpalekuan izandako sutearen ondorioz sortu den egoera larriari aurre egin nahi dio Hotz Oñatik, bertan lanean diharduten Gobernuz Kanpoko Erakundeentzat dirua bilduz.

  Irailaren 8an Moriako kanpalekua guztiz kiskalita geratu zen. Momentu hartan bertan aterpe hartzen zuten 12.000 errefuxiatuak inolako babesik gabe geratu ziren, kale gorrian. Egoerak guztiz gainditu zituen lehendik ere bertan lanean ziharduten Gobernuz Kanpoko Erakundeak. Hauei lagundu ahal izateko diru bilketa berezi bati ekin dio Hotz Oñati taldeak.
Lesbosen gertatutakoa azaldu eta herritarrak sentsibilizatzeko bi minutu eta erdiko bideo argigarria osatu du Hotz Oñatik, hainbat herritarrekin elkarlanean. Sare sozialen bidez zabaltzen ari den mezua garbia da: Lagundu laguntzen:

  Hotz Oñati taldeak diru laguntzak jasotzeko bi bide zabaldu ditu: Laboral kutxan duen kontu korrontea (ES08 3035 0005 3300 50078053) edo Bizum bidez 620 13 28 21 zenbakia. Batutako diru guztia egun Lesbosen lanean ari diren Gobernu Kanpoko Erakundera bideratuko dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!