“Izan bidea” dinamika larunbatean iritsiko da Oñatira

2020/06/09
Card image cap
Oinez, bizikletaz, korrika edo patinez, elkarbizitza eta bakearen alde kilometro batzuk egitera gonbidatzen dira herritarrak

  Sarek abian jarri duen dinamika berria da Izan bidea; euskal preso eta iheslarien egoerari irtenbidea emateko urratsak eman eta kilometroak egitea da asmoa, elkarbizitzaren eta bakearen aldeko ibiltarien sare erraldoia osatuz

  Dinamika erronka batean oinarritzen da; 3.127.326 Km egitea, Euskal Herriak duen biztanle-kopuru adina kilometro. Hiru milioi kilometro egiten hasiko den hiru milioi biztanleko herria mugitzea da Sare taldearen asmoa, mugimenduaren bidez, etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako gogoa, ahalegina eta helburua irudikatuz.

  Oñatin larunbat eguerdirako egin da hitzordua. Asmoa, Foruen enparantzan elkartu eta lau talde edo zutabe osatzea da, oinez, bizikletaz, korrika edo patinez, herritik itzulitxo bat emateko. Buelta hori osatuta partaideak plazan elkartuko dira berriro eta Izan bidea ekimenaren inguruko ekitaldi xume batez amaituko da eguneko jarduna.

  30 urte dira euskal presoei eta euren senideei urrunketa politika ezarri zitzaienetik eta egun indarrean jarraitzen du. Neurri honek ehundaka seniderengan du eragina, Euskal Herrian, jendartearen zati baten gainean sufrimendua mantenduz. Zortzi urte dira ETAk bere jarduera armatua amaitutzat eman zuenetik eta hiru beteko dira desagertu zenetik. Orduz geroztik, hamaika ekimen egin dira elkarbizitza eta bakearen alde. Norabide berean dator Izan bidea ekimena.

  Oñatiko Sarek herritar guztiak gonbidatzen ditu larunbat eguerdian plazara, ekimenarekin bat egin eta dagokion kilometroa modu sinbolikoan osatzera.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!