“Delarrima” taldeak lehenengo saria irabazi du X. Oñatiko Laburmetraien Rallyan

2019/11/11
Zinea gaiaren bueltan eta filtro berdea erabiliz 15 lan aurkeztu ziren, bat, epez kanpo

  15 talde aritu ziren goizean goizetik zinea gaiaren bueltan beren lanak osatzen. Horretarako, antolatzaileek emandako hainbat lekutan grabazioak egin zituzten eta filtro berdea erabili zuten, hori izan baitzen derrigorrean agertu beharreko objetua, eta askok, irudia tratatzeko elementu gisa barneratu zuten laburmetraietan. 19:00tarako ordea, 14 lan bakarrik aurkeztu ziren, 15.a beranduago entregatu zen eta Santa Anan proiektatu zen arren, lehiaketaz kanpo utzi zen.

  Ikusmin handia sortu zen beste behin eta Santa Ana aretoa beteta zegoela egin zen laburmetraien proiekzio eta sari banaketa ekitaldia. Streaming bidez ere jarraitu ahal izan zen, soinuak tarteka kale egin bazuen ere.

  Delarrima taldearen Gaba amerikarra lanak irabazi zuen lehen saria, zinean ohikoa den eszena errepikapena oinarri hartuta, inguruko tekniko eta profesionalen pentsamenduak jasotzen zituen film bereziagatik. Kalabaza productions taldeak berriz, garai bateko zeluloidea bera bihurtu zuen berezi “zeluloide magikoa” lanean. Egoerak protagonistaren gogora aldatzeko gaitasuna zuen zeluloidea hartuta, zinea zine barruan txertatu zuen Kalabaza productions taldeak. Lan honek bigarren saria eskuratu zuen eta protagonista zen Jokin Atxagak aktore onenaren saria. Hirugarren saria berriz, Piktxurs taldearen Berriro stanislavki lanak eraman zuen, hauek ere, behin eta berriz errepikatu ohi diren eszena grabazioak oinarri hartuta. Aipagarria da  etengabe errepikatzen zen ekintza aktorearen gainean urez betetako kubotzarra botatzea zela eta aktoreak mela-mela bukatu zuen. Santa Anara batutako ikusleen bozkak kontutan hartuta, ikuslearen saria, Fraka motz taldeak eraman zuen Harry Poter lanagatik. Gizonezko aktore hoberenaren saria, aipatu bezala, Jokin Atxagak eraman zuen eta emakume aktore hoberenarena berriz, Ana Mari Lizeagak Another love story lanean amaren papera beste behin ere eginda.

  10. edizio borobila bete du Oñatiko laburmetraien rallyak, eta epaimahaiko kideek  azaldu zutenez, urtetik urtera lan hobeak osatu eta aurkezten dira. Larunbateko lan guztiak laburmetraien rallyaren Youtubeko kanalean ikusgai daude jada.

Iturria: Oñati Irratia

"Gaba amerikarra" laburmetraiaren pasarte bat