Oñatiko udala

"Zuk ez duzu ordezkorik” sentsibilizazio kanpaina Oñatira itzuliko da bihar

2021/04/13
Card image cap
2018an Santa Anan izan zen saioa
Txantxiku ikastolako 150 ikaslek profesionalen eta istripuak izan dituztenen testigantzak entzungo dituzte, trafiko istripuak prebenitzeko helburuz

  Egoerak hala behartuta streaming bidezko saioa izango da bihar eguerdirako programatu dena, baina aurrez aurre baleude bezala, ikasleek lehen pertsonan kontatutako esperientziak ezagutuko dituzte, horretan oinarritzen baita Don’t be Dummy | Zuk ez duzu ordezkorik izeneko sentsibilizazio kanpaina. Lehenengo pertsonan kontatutako testigantza horien bitartez gazteen barnea mugitzea lortzen da, bizipen hunkigarriak izaki gazteengan inpaktu handia edukitzen dutelako.

  Ekitaldi hauek trafiko-istripuak prebenitzeko sortu dira eta Euskadiko ikastetxe ez unibertsitarioetako gazteei zuzenduta daude. Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren kanpaina honetan, 15 eta 20 urte bitarteko gazteek hartzen dute parte. Oñatin ez dira berriak, aurreko saioa 2018an izan zen Santa Ana aretoan, baina oraingoan streaming bidez esan bezala, Txantxiku ikastolako DBH eta batxilergoko 150 ikasleri zuzenduko zaie.

  Orain arte Gipuzkoa, Araba, Bizkaiko 53 udalerritan garatu da programa eta dagoeneko 117 saio burutu dira; 149 zentrotako 25.698 ikasle eta irakaslek parte hartu dute. Saioetan, 83 lekuko ausartu dira beraien testigantza ematera.

  Motordun ibilgailu baten gidari izateko zorian dauden edo lagunekin ibilgailu batean bidaiatuko duten gazteak errepideak dituen arriskuen inguruan kontzientziatu nahi dira, aurretiaz har daitezkeen neurriek istripuak ekidin ditzaketela hausnartu dezaten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!