"Zuk ez duzu ordezkorik” sentsibilizazio kanpaina Oñatira iritsi da

2018/11/12
Card image cap
Bigarren hezkuntzako ikasleek, osasun eta segurtasun profesionalen eta istripuak izan dituztenen testigantzak entzun dituzte, trafiko istripuak prebenitzeko helburuz

  Lehen pertsonan kontatutako esperientzietan oinarritzen da Don’t be Dummy | Zuk ez duzu ordezkorik izeneko sentsibilizazio kanpaina hau. Txantxiku Ikastola eta Zuazola-Larraña Institutuko ikasleek, Oñatiko udaltzain baten,  Zubillagako parkeko suhiltzaile baten eta gurpildun-aulkian dagoen neska baten testigantzak entzun dituzte, trafiko istripuen inguruko esperientzia pertsonalak kontatu dizkiete. Horrezaz gain, bideo bat proiektatu da saioan eta familia kideak galdu dituztenen eta mediku baten lekukotzak entzun dituzte.

  Ekitaldi hauek trafiko-istripuak prebenitzeko sortu dira eta Euskadiko ikastetxe ez unibertsitarioetako gazteei zuzenduta daude. Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren kanpaina honetan, 15 eta 19 urte bitarteko gazteek hartzen dute parte. Oñatin, 4. DBH eta batxilergoko 273 ikasle izan dira Santa Ana antzokian.

  Zuk ez duzu ordezkorik sentsibilizazio kanpainaren parekoak ez dira berriak gurean, orain bizpahiru urte ere egin zen halako saiorik. 2017/2018ko ikasturtean, 22 udalerritan egin ziren era honetako ekintzak, guztira, 33 saio burutu ziren eta 64 zentrotako 7.650 ikasle eta irakaslek parte hartu zuten. Saioetan, 44 testigantza ezberdin jaso ziren.

  Motordun ibilgailu baten gidari izateko zorian dauden edo lagunekin ibilgailu batean bidaiatuko duten gazteak errepideak dituen arriskuen inguruan kontzientziatu nahi dira, aurretiaz har daitezkeen neurriek istripuak ekidin ditzaketela hausnartu dezaten. 2016an, 14 eta 24 urte bitarteko 2.837 gazte trafiko-istripu batean nahasita egon ziren Euskadin, eta estatuan, 2015eko estatistikak oinarri hartuta, astero, hiru gazte hil ziren trafiko-istripuz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!