Oñatiko udala

Zubillagako hiltegiak Hazinnova programan parte hartu du

2022/10/14
Card image cap
Produktu eta negozio prozesuetan berrikuntza sustatzeko neurriak ezarri eta merkatu-kokapena hobetzeko aholkularitza ematean datza Hazinnova

  SPRI taldeak eta Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, kudeatzen dute Hazinnova programa. Berrikuntzaren alde urratsak eman nahi dituzten enpresa txiki eta ertainei zuzenduta dago eta oinarrian, doako aholkularitza espezializatua eskaintzen du enpresen produktuan eta negozio prozesuetan hobekuntzak txertatzeko, izan fabrikazio fasean, logistikan, merkaturatzean edo administrazio-finantza arloan hobetzeko.

  Debagoieneko mankomunitateak aktiboki parte hartu du programan eta eskualdeko hiru enpresek jaso dute Hazinnova aitortza, prozesua burutu ondoren: Elgetako Suministros Elgetak, Arrasateko Zerbitzu eta Gestio Mekaniko Integralak eta Oñatiko Zubillagako hiltegiak. Bakoitzak bere jarduera eta produktuen ezaugarrietara egokitutako aholkularitza jaso du, beti ere, produktua eta negozio prozesuetan berrikuntza neurriak inplementatu eta merkatu kokapena hobetzeko helburuz. Aipagarria da, iaz ere Oñatiko beste enpresa batek, Arantzazuko Gomiztegi Kooperatiba elkarteak, Hazinnova programan parte hartu zuela, biak elikadura arloko enpresak.

  Debagoiena, Debabarrena, Urola Erdia eta Garaia eta Goierriko 33 enpresek jaso zuten atzo Hazinnova akreditazio edo agiria, Ordizian egin den jardunaldian. Hazinnova programak 2,3 milioi euroko aurrekontua izan du. Berrikuntza ez-teknologikoan espezializatutako aholkularitza eskaintzen die berrikuntzaren aldeko mikroproiektuak dituzten enpresa txiki eta ertainei.

  Hazinnovaren hirugarren edizioan parte hartzeko deialdia zabalik dago, abenduaren 1era arte. Aurrekontua handitu egingo da eta 2.760.000 euro bideratuko dira programa berrira. Informazio gehiagorako Debagoieneko mankomunitateko Garapen Agentziara jo daiteke.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!