Oñatiko udala

Zubikoa kiroldegiaren abonuak berregituratu direla azaldu nahi izan du udal gobernu taldeak

2021/10/28
Card image cap
Pasa den asteko Osoko bilkuran onartutako prezio berriak urtarrilean sartuko dira indarrean

  Kiroldegiko lanak amaituta mahai gainean zegoen abonuen berregituratzeari heldu dio gobernu taldeak, hauen hobaritze sistema, herritarren diru sarreren arabera egitea onartuz. Hala proposatu zen 2022ko udal ordenantzak aztertu ziren Osoko bilkuran eta EH Bilduren aldeko botoz onartu zen, pasa den ostiralean adierazi genizuenez. Baina gaiak azalpen zehatzagoa behar duela iritzi dio gobernu taldeak eta prentsa oharra zabaldu du argibideak emanez.

  Aurrerantzean ere, norbanakoen eta familia abonua egin ahal izango dela adierazten da oharrean, baina bazkidearen egoeraren araberako gizarte taldeak berezitu gabe, hau da, alarguna, langabea edota familia ugaria den berezitu gabe. Herritarraren diru-sarrerak hartuko dira kontuan abonoaren prezioa eta horien araberako hobariak zehazteko. Bizi-unitateko kideen kopurua ere aintzat hartuko da.

  Bazkideen adinaren arabera lau tarte zehaztu dira abonuen zenbatekoa kalkulatzeko: 0-2 urte artekoek doan izango dute urteko txartela, 3-13 urte artekoek 90 euro ordaindu beharko dute, 14-22 urteko eta ikasleek 126 euro eta 22 urtetik gorakoek 180 euro. Hori norbanako txartela eginez gero. Abonu familiarra hartzen dutenek, berriz, %25eko hobaria izango dute familia-buruen kasuan eta 270 euro ordainduko du bikoteak eta horri, seme alaba bakoitzaren banakako kuotaren erdia batu beharko dio. Familia unitatearen diru sarreren eta kide kopuruaren arabera gainera, hobaritze taula bat aplikatuko dela azpimarratu nahi du udal gobernu taldeak.

  Pasa den asteko Osoko bilkuran onartutako berregituraketarekin, kontzeptuak aldatzen diren arren, inguruko herriekin alderatuta, bataz beste, Oñatikoek merkeagoak izaten jarraituko dutela argitu du Xabier Igartua Ogasuneko zinegotziak.
Helburua, Zubikoa kiroldegia herritar guztientzako erabilgarri izaten jarraitzea dela eransten da gobernu taldearen prentsa oharrean.

  Bide batez, kiroldegi eraberritua martxa onean doala jakinarazi da. Zerbitzu gehienek ikasturtea hasi dute; igeriketaren kasuan, esaterako, 338 neska-mutikok eman dute izena eta HIT, krosfit, TRX eta kore streching jardun berriak abiatu dira. Herritarrak gustura dabiltzala ikusten da eta balorazioa positiboa dela adierazi du Igartuak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!