Oñatiko udala

Zirkulazioari buruzko udal ordenantza eta martxoaren 8ko adierazpen instituzionala gaurko Osoko Bilkuran

2023/02/23
Card image cap
Hainbat dirulaguntzen berri ere emango da

  Zirkulazioari eta herri barruko bideen erabilerei buruzko udal ordenantza ondu da eta Zerbitzuak batzordeak diktaminatu ondoren arratsaldeko Osoko Bilkurara eramango da hasierako izaeraz onartu dadin. Oñatin ibilgailuen trafikoan izan diren azken aldaketak kontutan hartuta, beharrezkoa ikusi da honen funtzionamendua arautuko duen ordenantza egitea, egun indarrean dagoena zaharkituta geratu baita. Ibilgailu motordunek eta bizikletek erabiltzen dituzten udal eskumeneko bideen erabilera arautzen du udal ordenantza berriak, oinezkoen lehentasuna eta segurtasuna bermatuz.

  Martxoaren 8ari begira berriz, adierazpen instituzionala adostu dute udalbatza osatzen duten bi taldeek. Adierazpen idatzia gaurko Osoko Bilkuran irakurriko da.

  Hainbat dirulaguntzen berri ere emango da otsaileko bilkuran. Udala eta Jose de Azpiazu musika eskolak lankidetza hitzarmena sinatuko dute txistuaren transmisiorako programa gauzatzeko. Aloñako igoera mendi lasterketa elkartearekin ere hitzarmena izenpetuko du udalak kirol proba hainbat urtetan antolatzeko. Kirol arloko dirulaguntzen oinarri arautzaileak eta aurtengo deialdia egitea edota gazteen emantzipaziorako udal dirulaguntzen oinarriak eguneratzea proposatuko da gaurko Osoko Bilkuran, besteak beste. Bilera 18:30etan hasiko da eta Oñati Irratiak (FM 107.4) zuzenean eskainiko du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!