Oñatiko udala

Zine emanaldietako ordutegia aldatu egingo da, otsailaretik aurrera

2024/01/19
Card image cap
Zine klub emanaldia aurreratu eta larunbatetan saio bat gehiago programatuko da, igande gauekoa kenduta

  Herritarren eskaerak eta asteroko estatistika datuek eragin dute zine emanaldietako ordutegian aldaketak egiteko erabakia. Aukera ezberdinak aztertu ziren eta ordutegiak moldatuta emanaldi kopurua bere horretan mantentzea erabaki da. Aldaketak, nagusien emanaldietan eta Zine klub saioaren ordutegietan izango dira, otsailaren 1etik aurrera.

  Zine klubeko saioetara doazen ikusle zenbaitek emanaldiaren ordua aurreratzea eskatu zieten antolatzaileei. Azken urteetan errepikatu den eskaera da eta galdeketa egitea erabaki zen. Hala, urrian, denboraldi berria hastearekin batera, ordutegi aldaketari buruzko inkesta banatu zitzaien saiora hurbildutakoei. Gehiengoak, emanaldia ordu erdi aurreratzearen aldeko hautua egin zuen eta hala egingo da; zine klub proiekzioak 19:30etan hasiko dira, otsailaren 1etik aurrera. Egun horretarako Los colonos filma programatu da.

  Otsailarekin batera asteburuko nagusien emanaldien ordutegia ere egokituko da: larunbat arratsaldetan, 19:30etan, emanaldia izango da baina igande gauetakoa, 22:00etakoa, kenduko da. Domeketan ez ezik larunbat arratsaldetan ere zinea programatzeko eskaera aspaldi eta sarritan egin dute hainbat erabiltzailek. Emanaldi bat gehiago jarri edo beste batengatik ordezkatzea izan da kasu honetan eztabaidagai nagusia. Astez asteko ikusle kopuruak begiratu dira eta igande gauetan jende gutxi joaten dela ikusi da. Egoera ez da berria, eta 22:30etan hasten zen emanaldia aurreratzea erabaki zen, orain urte batzuk, ikusle gehiago erakartzeko asmoz. Baina aldaketak ez zuen aparteko ekarri igandeetan eta gaueko emanaldia kenduta, larunbat arratsaldean programatzea erabaki dute kultura arduradunek Horrela, asteburuko emanaldi kopuruari eutsiko zaio.

  Larunbatetan 19:30 eta 22:00etan eta igandetan, 19:30etan izango dira nagusien zine emanaldiak. Ostiral gaua eta astelehen arratsaldekoa bere horretan mantenduko dira, eta baita, haurren emanaldiak ere, larunbat eta igande arratsaldetan. Aldaketa guzti hauek otsailaren 1etik aurrera egingo dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!