Zerbitzua eta ordutegia egokituko du Herribusak jaietan

2023/09/28
Card image cap
Lurraldebusek gaueko zerbitzu berezia beteko du bihar Oñati eta Leintz Gatzaga artean

  Herribusak bere zerbitzua egokitu du datozen jaiegunetarako. Gaur, 19:00etan amaituko du eta herri gunean ez du zerbitzurik beteko urriaren 3ra arte. Horrek esanahi du, bihar, larunbatean eta astelehenean ez dela Herribusa ibiliko Ugarkalde eta Kasablanka artean.

  Arantzazura bai, igandeko ohiko zerbitzuaz gain, larunbatean ere, Oñati eta Arantzazu arteko autobusa egongo da, 12:30etatik 19:00ak arte. Herri egunean herritar askok Arantzazuko ostatuetan bazkaltzen duela kontuan hartu da Arantzazurako autobus zerbitzu berezia antolatzerakoan. Oñatitik 12:30etan irtengo da lehen zerbitzua, eta hortik aurrera, orduro, 18:30ak arte. Arantzazutik behera 13:00etan abiatuko da lehenengoa, eta 19:00etan azkena.

  Lurraldebusek ere gaueko zerbitzu berezia beteko du bihar Oñati eta Leintz Gatzaga artean. ETS, En Tol Sarmiento taldearen kontzertua dela-eta autobus zerbitzua beteko du Lurraldebusek, bihar gauerditik aurrera. Gaueko 00:30etatik 2.30etara eta 5:00etatik 6:30etara autobusak ordu erdiro irtengo dira Oñatitik Eskoriatzaraino; 2:00takoa eta 6:30etakoa Leintz Gatzagaraino joango dira. Tartean, 3:30etatik 4:30etara irtengo diren hiru autobusak Arrasateraino joango dira bakarrik. Oñatira etortzeko gaueko zerbitzua berriz, gauerdian hasiko da, Eskoriatzan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!