Zentzuz eta arduraz jokatzeko deia egin du Oñatiko EAJk
EAJren udal taldeak bilera egitea eskatu zion gobernu taldeari, herriko jai egunak hurbiltzen ari zirela eta ez-jaiei buruzko informazio ofiziala jasotzeko. Herrian zabaltzen ari ziren zurrumurruen inguruan, ezinegona hedatzen ari zen eta jeltzaleak ere kezkaturik zeuden. Batzar hori ostiralean egin zela dio EAJren prentsa-oharrak eta alkate eta kultura zinegotziarengandik jasotako erantzunak lasaitu egin zituela aipatzen da, antolatutako ekitaldi guztiak osasun eta segurtasun berme guztiekin egiteko konpromisoa adierazi baitzieten.
Aurten Oñatin jairik egingo ez deneko mezua argi eta garbi zabaldu beharko litzatekeela uste dute ordezkari jeltzaleek eta hori indartzeko, egokia litzatekeela jaiegun seinalatu diren horietan inolako ekitaldi publikorik ez egitea. Jeltzaleek begi onez ikusten dute kultur ekitaldiak antolatzea, udal gobernuak aukeratutako datekin bat egiten ez badute ere.
Kulturaren alde daudela argitzen du EAJren udal taldeak, beti ere, osasun eta segurtasun neurriak bermatzean azpimarra jarrita. Eta elkar zaintzea tokatzen den honetan, arduraz jokatzea eskatzen digute oñatiar guztioi. Datorren urtean berriz ere ohiko jaiak izan ditzagun, aurtengoan ez ospatzea tokatzen da adieraziz amaitzen du EAJk jaien/ez-jaien inguruan kaleratu duen prentsa-oharra.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!