Oñatiko udala

Zapatuan izango dute lehen formakuntza saioa Udaleku irekietan aritzeko kontratatuko diren 34 begiraleek

2012/05/16
Card image cap
Formakuntza lehen saioa TXALOKA ludotekan izango da.

  Hile hasieran argitaratu zen behin-behineko zerrendarekiko zuzenketa eta alegazioak aurkezteko epea beteta, guztiak aztertu eta dagokion kasuetan puntuazioa berrikusi da. Ondorioz, zerrenda berregin da. Udalak, puntu gehien lortu dituzten 34ak kontratatuko ditu.

  Ikasketak, esperientzia eta bestelako merituak kontutan hartuta 6,6 puntutik gora lortu duten hautagaiak dira printzipioz kontratatuko direnak. Eta printzipioz diogu, datozen asteetan egingo diren formakuntza saioetan parte hartzearen baldintza bete beharko dutelako aurrez.

  Azkenean 3 izango dira egingo diren formakuntza saioak eta ez 2 hasieran esan zen bezala. Lehen biak orain egingo dira, maiatzaren 19 eta 26an. Hirugarrena berriz, ekainaren 30ean, udalekuak hasi aurreko astean.
Datozen bi zapatuetako saioak hiru ordu pasatxokoak izango dira, goizeko 10ak laurden gutxietatik ordubatera eta Txaloka ludotekan. Abestiak eta jolas ezberdinak ikasi ez ezik, haurrekin nola jokatu eta egunez eguneko programazioa zehaztuko da.

  Hirugarren formazio saioa berriz, ekainaren 30ean egingo da ETEOn, hau da, udalekuetako topagunean. Egun horretan, erabiliko diren instalazioak ezagutuko dira, materiala gertatu eta programazioa eguneratuko da.
Lehen esan bezala, hiru prestaketa saio horietara joatea ezinbestekoa izango da begirale izateko. Udalak, udaleku irekietan haurren ardura hartuko duten 34 laguni hilabeteko lan kontratua egingo die.

  Baina begirale izateko deialdira aurkeztu zirenen zerrenda osoa, bakoitzari eman zaion behin betiko puntuazioarekin, udaletxeko iragarki taulan eta udal web orrian ikusi daiteke. Zenbaturik agertzen diren lehen 34ak kontratatzea aurre ikusten da. Baina hautagai guztien merituak baloratu dira, sortu daitezkeen balizko bajak bete ahal izateko.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!