Zaintza sistema iraultzarako giltza dela aldarrikatuz amaitu zen martxoaren 8ko manifestazioa
Ehunka herritarrek bat egin zuten Emakumearen egunaren harira atzo antolatu ziren mobilizazioetan. Eguerdian, pentsionista eta jubilatuak Olakuako urmaelaren inguruan elkartu ziren indarkeria matxistak hildako emakume eta haurrak omendu eta zaintza sistema publiko eta kalitatezkoa eskatzeko. Aldi berean, ikasleak, plazan elkartu ziren egungo hezkuntza sistemaren goitik beherako aldaketa eskatzeko. Baina ekintza jendetsuena arratsaldeko manifestazioa izan zen.
Zapaltzen gaituen sistemari sua lemapean erdiguneko kaleak zeharkatu zituen manifestazioa egin zen, plazatik abiatu eta plazan amaituz. Bukaeran, Oñatiko Sare Feministako kideek hitza hartu eta sustatu nahi duten zaintza sistema egun nagusi den sistema kapitalistarekin amaitzeko giltza dela aldarrikatu zuten. Zaintza sistemaren balio iraultzailea aldarrikatu zen eta iraultza egitekotan iraultza feminista izango dela esan zuten.
Indarrean den sistema kapitalista iraultzeko asmoa eta beharra azaldu zuten plazan bildutako ehunka herritarrek atzo ilunkaran.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!