Oñatiko udala

Zaintza eta ostalaritza arloan dihardutenentzat euskara ikastaro bereziak antolatu dira

2022/09/01
Card image cap
Udalak finantzatutako ikastaroak doan izango dira

  Euskararik ez dakiten edo oso gutxi dakitenei zuzendutako ikastaroak dira. Oinarrizko ahozko komunikazioa lantzea eta euren laneko egoera arrunterako hizkuntza-oinarriak ikastea da helburu nagusia. Horrela, gutxieneko ulermen maila lortuz, ohiko elkarrizketa arruntak euskaraz egiteko gai izango dira.

  Tabernari eta ostalarientzako ikastaroa 60 ordukoa izango da, eta urririk abendura luzatuko da, astean sei orduko erritmoan. Goizeko 9:00tatik 11:00ra emango da, hiru egunetan, eta bezeroak artatzeko erabiltzen diren hitz eta esaldi ohikoenak ikasiko dira.

  Zaintzailei zuzendutako ikastaroa berriz, luzeagoa izango da, 160 ordukoa eta urritik ekainera egitea aurreikusten da. Ikastaroa luzeagoa izango da baina erritmoa lasaiagoan, 5 ordu astean. Arratsaldeko lehen orduan, 15:00tatik 16:15tara osatzeko asmoa dago, zaintzaile askorentzat atseden ordua delakoan.

  Bi ikastaro berezi hauek doakoak izango dira, Udalak finantzatuko baititu. Izena emateko baldintza bakarra da, zaintza edo ostalaritza arloetan lan egitea. Informazio gehiagorako Udal Euskaltegira jo behar da, Bidebarrieta kalean.

  Gaur egun, 10 oñatiarretik 8k euskaraz badaki eta beste %8 inguruk ulertzen du. Baina bada euskaraz komunikatzeko gai ez den beste herritar multzo bat, Oñatira etorri berriak direlako edo ikasteko aukerarik izan ez dutelako. Horietako zenbait zaintza-lanetan edo ostalaritzan jendaurrean dihardute lanean. Horretaz jabeturik, Udalak euskara ikasteko aukera eskainiko die, gutxieneko ulermen maila lortu eta ohiko elkarrizketa arruntak euskaraz jarraitzeko gai izan daitezen.
Euskara ikastaro berezi hauetan izena emateko epea gaur ireki da eta irailaren 23ra arte luzatuko da. Izena, Udal Euskaltegian eman behar da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!