Zabalik dago Oñatiko Udala Grant beka eskatzeko epea

2022/02/01
Card image cap
Euskal diasporari buruzko ikerketa lanei ireki zaizkie beka eskuratzeko aukera

  Oñatiko Udala Grant izeneko bekaren deialdia egin berri dute Udalak eta Lege Soziologia institutuak, seigarren urtez, 2016an sinatu zuten lankidetza hitzarmenaren babesean. Oñatiko herriari ekarpena egiten dioten gizarte zientzien eta zuzenbidearen alorreko ikerketa proiektuak sustatzea da helburua.

  Aurkeztu daitezken ikerketa proiektuaren esparrua zabaldu da aurten eta tokiko autogobernuaren, hiritartasun aktiboaren edota nazio-nortasunaren alderdi sozio-juridikoak aztergai dituzten ikerketa proiektuez gain, euskal diasporari buruzko ikerketa lanak ere aurkeztu daitezke, estreinakoz. Doktoretza azterlanak ere proposatu daitezke, beti ere, aipatu gaietakoren batekin lortura badaukate.

  Oñati Udala beka 4.000 eurokoa da. Eskatzaileak Oñatiko Lege Soziologia Masterreko ikasle izandakoak edo une honetan direnak izan daitezke, edota Lege Soziologia Institutuarekin harremana duten ikerlariak. Hala, beka eskuratzeko, proiektua garatu eta aurkezterakoan Oñatin bizitzen positiboki baloratuko da.

  Beka eskatzerakoan, ikerketa proiektuari buruzko xehetasunak jasotzen dituen 2-5 orri arteko plana aurkeztu behar da, laburpena, bibliografia, hautagaien curriculuma eta behin-behineko aurrekontu eta kronogramarekin batera. Eskaerak aurkezteko azken eguna martxoaren 31a izango da. Eskaera, Lege Soziologia Institutuaren web atariko formularioa beteaz egin behar da. Erabakia, apirilean zehar hartu eta jakinaraziko da eta lana urriaren 31rako bidali beharko da Lege Soziologia Institutura. Ikerketa amaitutzat emateko, zientzia artikulu bat prestatu beharko da gutxienez, eta institutuak izango du egindako ikerketa argitaratzeko lehentasuna.

  Oñatiko Udala Grant beka eman gabe utzi zen iaz, proposatutako ikerketa proiektu bakarra ez baitzen bideragarria ikusi, epaimahaiak gaia interesgarritzat jo zuen arren. Aurten, beka nori edo nortzuei emango zaien apirila amaieran jakinaraziko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!