Zabalik dago Gaztelekuko xake txapelketan parte hartzeko izen-ematea

Oñatiko 7 eta 18 urte bitarteko gazteei mugatu zen iaz Gaztelekuko xake txapelketa, Covid-aren pandemia egoerak herritik kanpoko zaleen partaidetza ezinezkoa egiten zuelako, eta Gaztelekua martxan jarri zenetik urteroko hitzordua zenak huts egin ez zezan. Baina osasun egoera hobea da egun eta, babes neurriak asko malgutu direnez, ohiko formatua berreskuratzea erabaki dute antolatzaileek eta hitzordua zabaldu dute.
Azaroaren 7an, 9:00tan hasiko da Gaztelekuko XXVII. xake txapelketa. Aurtengo deialdia zaletu guztiei zuzenduta dago, edonongoak eta edozein adinekoak direlarik ere. Ohikoa denez, jokoa, suitzar erara izango da, 6 itzulera eta bakoitzak 15 minutu izango dituelarik. Parte hartzeko izena eman behar da, Gaztelekuan, posta elektronikoz mezua gazteinformazioa@onati.eus helbidera bidaliz edo telefonoz: 658 725 679 zenbakira deituta. Azaroaren 5ean amaituko da izena emateko epea. Unean uneko Covid neurriak beteko dira.
7 sari banatuko dira: lehenengo hirurek 200, 175 eta 150 euro eskuratuko dute, hurrenez hurren, eta herriko nahiz sailkapen orokorreko lehen emakume eta gizonezko gazteek, ere sari berezi bana izango dute. Sariak ez dira batuko eta gazteak kategorian 18 urtera artekoek osatuko dute.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!