Yullia Krekoten gazteak hartuko du Pake leku elkarteko tabernaren ardura

2022/04/28
Card image cap
Zuzendaritza batzordea ere berritu da azken batzar orokorraren ondoren

  Astelehenean, maiatzaren 2an hartuko du Yullia Krekoten ukrainarrak Pake lekuko tabernaren ardura. Gazteak ostalaritzan esperientzia dauka eta amaren laguntzarekin ekingo dio erronka berriari. Hala erabaki du jubilatuen elkarteko zuzendaritza batzordeak, egungo taberna arduradunak apirila amaitzearekin batera zerbitzua utziko zuela jakinda. Hasierako egokitze prozesuan bereziki, baina baita ondoren ere, bazkideak lagunkoi agertuko direnaren konfiantza du zuzendaritza batzordeak eta jarrera hori publikoki eskertu du.

  Pake lekuko zuzendaritza batzordean ere aurpegi berriak daude orain aste gutxi egin zen urteko batzar nagusiaren ondoren. Bi urte beteta erreleboa hartu dute hainbat batzordekidek eta beste horrenbesterako ardura hartu dute bazkide berri batzuek. Jubilatuen elkarteko zuzendaritza taldea 12 lagunek osatzen dute egun, 7 emakumek eta 5 gizakumek, eta azken urtean presidente-orde karguan egon den Inazio Irizarrek beteko ditu presidente lanak 2023ko udaberrira arte.

  Aipatu batzar nagusian zuzendaritza taldea berritzeko aukeraketa ez ezik, beste hainbat asmo onartu ziren: taberna ondoko terrazako hobekuntza lanekin amaituko da horma bat berritu eta mahai eta aulki berriak erosiz; ikasturte honetan abiatu diren Euskadi ezagutzen eta Oñati ezagutzen programei jarraipena emango zaie; IMSERSOK diruz laguntzen dituen turismo eta bainuetxe programen berri emango da aurrerantzean Pake lekun eta Pake leku saria urteko jubilatuari errekonozimendu saria sortuko da. Sari hau urtean behin, urte amaiera aldera emango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!