Oñatiko udala

Xanti Ugarte oñatiarrak irabazi du Ageriko XIX. margo lehiaketa

2023/09/26
Card image cap
16 lan aurkeztu ziren

  Herriko ageriko pintura lehiaketa oñatiar batek irabazten duen lehen aldia izan da. Aipagarria da parte hartu zuten 16 lagunetatik erdiak herritarrak zirela, hori bai, helduetan 10 margolari aurkeztu ziren eta bi oñatiarrak ziren, eta 16 urtez azpikoen kategorian aritu ziren sei margolariak oñatiarrak ziren. Ondorioz, banatu ziren zazpi sarietatik bost herrian geratu ziren.

  Nagusien kategorian 10 lan jaso ziren igande goizean jokatu zen lehiaketara eta lehenengo saria Xanti Ugarte Mugarzak eskuratu zuen. Kale zaharraren atzealdea, Kontxita moduan ezaguna den pasealekua, erreka eta Autlan atzealdea irudikatu zituen eta 600 euro poltsikoratu zituen. Bigarren saria, 400 euro, Jose Reyesek irabazi zuen, mendi alde oso berdea margotu zuen. Eta hirugarren saria Javier Igoak irabazi zuen. Honek parrokiarako plazako sarrera eta ondoko arkupeak irudikatu zituen. 300 euroko saria jaso zuen. Helduen kategorian, lehen hiruren artean sailkatu ez zen lehen oñatiarraren saria, 300 euro, Eñaut Uribesalgok eraman zuen Patrue kalearen akuarela batez.

  Gaztetxoen kategorian, lehena, Xan Urteagaren lana izan zen, bigarrena, Bernat Gonzalezena eta hirugarrena Leire Manriquerena.

  Saritutako lanak eta lehiaketara aurkeztutako guztiak Kultur Etxean ikusgai daude, pintura ikastaroetan aritu direnen lanekin batera. Erakusketa urriaren 8ra arte mantenduko da eta arratsaldez ikusi ahal izango da, irailaren 29tik urriaren 2ra bitarteko egunetan izan ezik, egun horietan itxita egongo baita erakusgela.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!