Oñatiko udala

Venezuelako gobernuak errefuxiatu estatusa aitortu dio Asier Guridi Zaloñari

2021/12/09
Card image cap
Oñatiarrak bost eguneko gose greba egin du bere egoera eta Iban semearena erregularizatu ahal izateko

  Ostiralean, abenduaren 3an, ekin zion Asier Guridik gose grebari Caracaseko Espainiar kontsulatuaren aurrealdean. Espainiako kontsulatu horrek berak 2020an ukatu zion pasaportea eskatzen zuen, bere egoera normalizatu eta egun Oñatin bizi den Iban semearena erregularizatzeko. Bi bide zeuden Asier eta Iban Guridi aita-semeen egoera irregularra zuzentzeko: Espainiako gobernuak Asierri pasaportea ematea edo Venezuelako gobernuak errefuxiatu estatusa onartzea. Abenduaren 7an errefuxiatu izaeraren aitortza jaso zuen oñatiarrak eta gose greba utzi zuen.

  Asier Guridi 2005ean iritsi zen Venezuelara, Espainiatik ihesi. 2013an atxilotu zuten eta ordutik herritartasunik gabe dago. 2008an Iban semea jaio zen baina Guridi ez zen deituraz erregistratu zuten, eta hala jarraitzen du, aitak nortasun agiri ofizialik aurkeztu ezean ezin izan baitu semearen erregistroa zuzendu. Ondorioz, egun Oñatin den Iban Guridi gaztetxoa, venezuelar etorkin irregular moduan bizi da, horrek dituen arazo guztiekin.

  Errefuxiatu estatusa eskutan Asier Guridik Venezuelako Errepublikak emandako nortasun agiria ofiziala jaso eta semearen egoera erregularitzatu ahal izango du. Ibanen jaiotze-agiria zuzentzea izango da lehen urratsa eta gaztetxoaren nazionalitate bikoitza aitortzea, bigarrena, Ibanek eta bere amak Oñatin egoera normalizatuan bizi, ikasi eta lan egin ahal izateko. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!