Uztailaren 17ra arte luzatu da adingabeen denboraldi baterako harrerarako diru laguntzak eskatzeko epea
Garapen bidean dauden edo hondamendia jasan duten herrialdeetatik datozen adingabeen denboraldi baterako harrerarako diru laguntza deialdia luzatzea erabaki du udalak. Apirila amaieran egin zen lehen deialdira 2 eskaera jaso ziren baina udan adingabeak ekarriko dituzten harrera familia gehiago omen daude herrian. Kontuan hartuz halako diru laguntzetarako deialdia aurten lehen aldiz egin dela eta batzuk, akaso ez direla garaiz enteratu, epea luzatzea onartu du udalak.
Diru laguntza hauek Oñatin erroldatuta eta bertan bizi diren familietara datozen adingabeen denboraldi baterako harrera kostuak arintzera zuzenduko dira. Hala, adingabeen joan-etorriko gastuak, aseguruak edota osasunarekin lortutako gastuak diruz lagunduko ditu udalak. 12.000 euroko diru partida dauka udalak laguntza hauetarako baina adingabe bakoitzeko gehienez 1500 euro emango ditu.
Atzerriko adingabeen denboraldi baterako harrerarako diru laguntza hauek erakundeen bitartez bideratuko dira. Horretarako, erakunde eskatzaileek hainbat baldintza bete beharko dituzte: irabazi asmorik gabeko izaera juridikoa izan eta egoitza nagusia Euskadiko autonomia erkidegoan izan beharko dute; diruz lagundutako ekintzak aurrera eramateko gaitasun eta egitura egokia izan eta gainera, halakoetan eskarmentu egiaztatua izatea eskatzen da. Zerga betebeharrak eta gizarte segurantzarekikoak beteta dituztela ere erakutsi beharko dute.
Martxoko Osoko Bilkuran onartu zen garapen bidean dauden edo hondamendia jasan duten herrialdeetatik datozen adingabeen denboraldi baterako harrerarako diru laguntzak ematea. Gaia azaltzerakoan, Sahara edo Txernobil ingurutik Euskal Herrira udan etorri ohi diren neska mutikoak aipatu ziren. Esan bezala, bi eskaera jada jasota daude udal bulegoetan baina gehiago izan daitezkeela eta, eskaerak aurkezteko epe berria uztailaren 17ra arte luzatu da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!