Uztailaren 14an egingo dira lurrak hartu aurreko aktak Munazategirako biribilgunea eraikitzeko

2021/06/29
Card image cap
Aldundiko ordezkariak eta lurjabeak udaletxean elkartzeko hitzorduak argitaratu dira

  Gaurko Gipuzkoako aldizkari ofizialean kaleratu da oharra. GI-2630 errepidean Munazategirako sarbide biribilgunea eraiki dadin proiektuak ukitzen dituen lurren jabeak uztailaren 14an udaletxean agertu daitezen deitu ditu Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketarako departamentuak. Maila ezberdinean baina proiektuak ukituko dituen 8 lurzatien jabeei hitzordu konkretua jarri zaie lurrak hartu aurreko aktak egiteko eta bidezkoa bada, zuzenean lurrak hartzeko. Lehen hitzordua 9:30tarako egin da eta azkena 13:00tarako, guztiak uztailaren 14an eta udaletxean.

  Lurrak hartu aurreko aktak egiteko lur jabeek eurek joan beharko dute edota bere izenean jarduteko behar bezala baimendutako ordezkariek. Jabetzaren egiaztagiriak eraman beharko dituzte, hau da, erregistroko eskriturak, zirutagiriak edo ohar informatiboak, eta nahi badute, peritu edota notarioak lagunduta joan daitezke beti ere hauei ordaintzea lur jabeen kontura izango delarik, aldundiko oharrean zehazten denez.

  Lurrak hartu aurreko aktak egiteko deialdira Munazategiko biribilgune proiektuak ukitzen dituen zortzi lursailen jabeak deitu dira. Horietako zazpi desjabetzea aurreikusten da, ia 2.000 metro karratu hartuz, eta lau lursail aldi baterako hartuko dira, 234 metro karratu okupatuz.

  Proiektua onartu zenean afektatutako bederatzigarren lursail bat ere zehaztu zen, Ura ur agentziari dagokiona, hain zuzen ere. Kasu honetan erakundearen ordezkariekin ez da uztailaren 14rako zitarik luzatu, edo behintzat ez da halakorik argitaratu. Dena den, eta Gipuzkoako aldizkari ofizialean argitaratu diren lur jabeen zerrendan akatsik balego, jabe diren horiek egoki deritzoten alegazioa aurkeztu dezakete Foru Aldundiko lurzoruaren eta ondarearen kudeaketa zerbitzuan, beti ere, aktak egingo diren eguna baino lehen, erasandako ondasun eta eskubideen zerrenda osatu eta akatsak zuzentzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!