Uztaila eta abuztuan langabeziak gora egin du Oñatin apiriletik ekainera erregistratu zen beheranzko joera apurtuz.

2012/09/11
Tradizionalki udan gurean tenporadako kontratazioak ugaldu diren arren aurten ez da halakorik gertatu. Bi hilabeteotan, 23 langabetu gehiago kontabilizatu dira.

  Une honetan 461 langabetu daude Oñatin. Horrek, langabezia tasa % 8,63 dela esanahi du.

  Udaberrian zehar eta hiru hilabeteetan jarraian Oñatiko langabeziak beheranzko joera izan zuen arren, uztaila eta abuztuak egoera irauli da, bereziki uztailean, aipatu ditugun 23 langabetu horietatik 22 uztailean erregistratu baitziren. Azken bi hilabeteotan herriko langabezia tasak kasik puntu erdi egin du gora.

  Oñatin historikoki, kontratazioak hein handi batetan, tenporadako kanpainetara lotuta izan dira. Uda partean kasik urte bukaerara arte kontratazio berriak hazi egiten ziren langabezia murriztuz. Baina azken urteetan joera hori apurtu egin da aurten gertatu den bezala. 2011an, 2010ean eta 2009an era bai, uztailean ez bazen abuztuan langabeziak gora egin du.

  2009a erreferentzia urtea da gurean, langabeziak goren maila jo zueneko urtea baitugu. Orduko maiatzean izan zen % 8.91 tasara ez da berdindu oraindik baina hurbiltzen ari da. Une honetan Oñatin, langabezia tasa % 8,63 da.

  Abuztuan Oñatin gertatutakoaren pareko gertatu zen Debagoienean. Eskoriatza eta Leintz Gatzagan izan ezik gainontzeko herrietan langabeziak gora egin baitzuen. Euskal Autonomia erkidegoan ere, langabeziak gora egin zuen abuztuan.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!