Oñatiko udala

Usakon bainatzea debekatu dute berriro

2022/09/08
Card image cap
Igandean amaituko da ofizialki bainu denboraldia Usakon eta Ur-uhinak parkean

  Kasik hasi bezala amaituko da denboraldia Usakon, bainatzeko debekuarekin; ekainean E.coli bakterioak eragin zuen eta orain enterococo bakteriak.
Usakon atzo egin zen ur analitikak enterococo bakteria metaketa handia eman duela jakinarazi die osasun publikoak udal ordezkariei eta, ondorioz, bainua debekatu dute, domekara arte. Justu egun horretan amaitzekoa zen ofizialki udako bainu denboraldia eta sorosleen zaintza. Bainatzea debekatuta dagoela iragartzen duten kartelak arratsaldeko lehen orduan jarri dituzte Usakorako sarbideetan baina sorosleak inguruan izango dira bertaratzen direnei hitzez jakinarazteko. Usakon bezala Ur-uhinak parkean ere igandean amaituko da denboraldia. Hemen ordea, uraren kalitatea ona da eta instalazioak erabilgarri daude.

  Bero egin du aurten, 30 gradutik gorako egun asko izan dira segidan eta horrek freskura bila herriko gune bustietara eraman du jendea: Usako, Ur uhinak parkea edota Zubikoa igerilekura. Zenbait egunetan gainezka egon dira. Larunbata eta iganderako ere tenperatura altua iragarri da eta Usakon bainua hartzea debekatuta, jendeak igerilekura joko duela, pentsa liteke. Baina neguko ordutegia indarrean da Zubikoako instalazioetan, ondorioz, bihar eta igandean 13:30tan itxiko dira.

  Udako bainu denboraldia irailaren 11an amaitzen den arren, kiroldegiko berdegunea eta solariuma beste astebetez mantenduko dira zabalik, irailaren 18ra arte. Hurrengo egunean, irailaren 19an, igerilekua eta sauna itxiko dira, urteroko garbiketa sakona egin ahal izateko. Zubikoako igerilekua eta sauna irailaren 19tik 23ra itxiko direla jakinarazi dute kiroldegitik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!