Oñatiko udala

Usakon bainatzea debekatu da

2022/06/15
Card image cap
E.coli bakterioaren parametroak oso goitik gainditu dira eta kutsadura fekala dagoela ondorioztatu da

  Osasun publikoak agindu du Usakon bainua debekatzea ur-analisietan E.coli bakterioaren kontzentrazio handiak antzeman ondoren. Osasun publikoak bi analitika egin ditu Usakon, astelehenean lehena eta atzo bigarrena, aurrekoaren emaitzak baieztatzeko. Lehenean, E.coli kontzentrazioak baimendutako muga pitin bat gainditzen zuen baina atzokoan, muga erreferentzia bikoiztu egin da. Ondorioz, zalantzarik gabe, bainua debekatu da Usakon.

  Gaur goizean jakinarazi zaie kontranalitikaren emaitzaren berri udal arduradunei eta berehala hasi dira bainua debekatuta dagoela jakinarazteko urratsak ematen. Udaltzaingoak ohartarazpenak jarri ditu Usakorako lau sarreretan eta putzurako sarrera zintaz itxi du, aldi berean, hedabideei jakinarazi zaie, beraien medioetan zabaldu dezaten.

  E.coli bakterioa ugaztunen hesteetan bizi da, gizaki nahiz animalietan. Bera osatzen duten mikroorganismoak onuragarriak dira, orokorrean, eta gorotzekin kanporatzen da. Baina laborategian analizaturiko ur edo janari baten laginean E. coli bakterioa baimendutako kopurutik gora agertzen bada, ur edo janari horrek berriki gertatutako kutsadura fekala duela ondorioztatzen da.

  Usakon, errekaz gora sitsa edo antzeko isurketaren bat izan dela pentsatzen da baina ez da fokua topatu. Ondorioz, Usakon ezingo da bainatu ur-analitikek E.coli eta gainontzeko parametroak neurrian daudela agertu arte. Osasun publikoak jarraituko du ur-analisiak egiten datozen egunotan, egoera normaldu eta bainurako baimena berriro eman arte. Osasun publikoak bainu denboraldirako duen protokoloaren arabera, 8 bat aldiz analizatzen du Usakoko ura, bi astean behin, gutxi gora behera. Baina halako kutsadura kasuak gertatu izan direnetan jarraipen handiagoz egiten ditu.

  Ez da lehen aldia Usakon E.coli bakterioaren kontzentrazio altua antzeman dela, baina bai, beroaldi betean gertatu eta bainua debekatu behar izan dela.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!