Usakoko bainu gunea zabalik dago berriro
Auzotar batek ohartarazi zuen Usakoko bainu gunean liztor beltz habia zegoela. Putzutik haratago, erreka alboan dauden sastraken artean zegoen. Jendea ibili ohi den lekutik haratago bazegoen ere, segurtasunagatik, bainu gunea ixtea erabaki zuten udal arduradunek eta halaxe mantendu zen atzo arratsaldean zehar. Sorosleak eta zaintzaileak bertan egon ziren, hurbiltzen zirenei gunea itxita zegoela adierazten. Ez zen aparteko arazorik izan eta beroa arintzeko asmoz bertaratutakoek buelta hartu zuten. Gauean berriz, udal brigadako buruak liztor beltz habia kendu zuen.
Gauean egiten dira liztor beltz habiak kentzeko lanak, erregina habian dela ziurtatzeko. Habiaren kokapenaren arabera protokolo ezberdina jarraitzen da Oñatin. Altuera batetik behera daudenak udal brigadak kentzen ditu eta iristeko zailtasuna sortzen dutenak suhiltzaileek. Baina halako gutxi izaten dira gurean, urtean atzematen direnen %2a inguru kentzen dituzte suhiltzaileek. Usakoko bainu gunean kendu zen liztor beltz habiak ez zuen aparteko zailtasunik eta beharrezko materialez hornitu eta jantzita kendu zuen brigada-buruak.
Aurten udal brigadakoek kendu duten 20-21. liztor beltz habia izan omen zen atzokoa. Aurreko urteekin konparatuta kopuru txikia ei da, garai honetarako; urtean, bataz beste, 80-85 kentzen dituzte. Horrek ez du esanahi aurten habi gutxiago dagoela, non dauden ez dela ikusi baizik. Liztor edo erle habia topatzen duenari abisua udaltzaingoan ematea eskatzen zaio.
Usako inguruan aurkitu zen liztor beltz habia kenduta, bainu gunea zabalik dago berriro.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!