Usako eta bainu inguruak bereziki zaintzeko eskaera egin zaio Ertzaintzari
Beroa egin zuen pasa den astean eta horrek jendea erreka inguruetara eraman zituen, Usako edota Errekalde aldera, esaterako. Halakoetan egotea ordea ezinezkoa da egungo osasun mugak kontuan izanda, are gutxiago bainua hartzea. Iluntzetan, kirola egin eta paseatzeko baimena aprobetxatuz, askok Usako aldera jo duenaz jakitun da Udaltzaingoa, zenbaitetan gainera taldean egotera joan da jendea, jatekoa eta edatekoa hartuta, eta kasuren batean bainatzera ere bai. Udaltzainen zerbitzua amaitzen den ordua aprobetxatzen dute gainera halako jokaerak izateko. Taldeka elkartu eta ibiltzea debekatuta dagoela eta bainua ezin dela hartu gogorarazten dute udaltzainek. Ilunkaretan Usako eta bainu inguruak zaindu ditzaten eskatu diete Ertzainei.
Jendeak zalantza asko ditu atzo indarrean sartu zen 1 fasean egin daitezkeen eta ezin daitezkeenen inguruan. Udaltzaingoan 300nen bat dei jaso ei dituzte azken egunotan. Baina horiek argitzeko daudela esan digute eta zalantzaren bat dutenei lasai deitu eta galdetzera animatu nahi dituzte. Gogoratu, udaltzaingoaren telefono zenbakiak: 092 doakoa, Oñatitik deitzen bada; bestela, 943 081 000.
Deitzen dutenen zalantzak argitu eta kalean ikusten dituzten jarrera desegokiak zuzentzen ari dira azken egun udaltzainak. Nagusiki, pedagogia lana egiten ari direla adierazi digu Udaltzain buruak, tarteka, salaketak jarri dituzten arren, segurtasun neurriak nabarmen urratu direla ikusi dutenean. Kasurako, Aretxabaletako herritar baten kontra jarritako salaketa, Oñatin baitzegoen kirola egiten. Deseskaladaren lehenengo fasean kirola herrian bertan edo urrunen ondoko herrira joanda egin liteke eta mendiz, Aretxabaleta herri mugakidea den arren, kasu honetan, Bergara, Arrasate eta Legazpi hartzen dira ondoko herri gisa.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!