Urtxintxa Astialdi Eskola kontratatu da hezkidetza programa garatzeko laguntza teknikoa emateko

2023/07/05
Card image cap
Astelehenean sinatu zen bi urterako kontratua, beste batez luzatzeko aukerarekin

  2013an jarri zen martxan hezkidetza egitasmoa Oñatiko Udalean eta bi lan esparrutan egikaritzen da, egun: herriko ikastetxeetan eskuhartzea, batetik, ikasleen eta irakasleen formazio eta sentsibilizazioan eragiteko, eta sexu aholkularitza zerbitzua, bestetik, Gaztelekuan ostiral arratsaldero eskaintzen dena, ikastetxeetan emandako saioen osagarri. Gainera, posta elektronikoz eta sare sozialen bidez helarazitako kontsultak erantzuten dira, eta Gaztelekuan ibiltzen ez diren herritarrei zuzendutako zerbitzua ere betetzen da, aurretiazko hitzordua eskatuta.

  Hezkidetza foroan izandako bileretan eta ikastetxeekin egindako balorazio bileretan egitasmo honetan sakontzeko garrantzia azpimarratu da, programa egonkortu eta aurrera pausoak eman ahal izateko. Horretarako laguntza teknikoa emango duen zerbitzuaren kontratazioa ezinbestekotzat jo zen eta horretara dator Urtxintxa Astialdi Eskola Bizkaia elkartearekin astean izenpetu den kontratua.

  Oñatiko Udalak hezkidetza programa indartzeko erabakia hartu du, sentsibilizazioa eta prebentzioa ardatz, genero mugarik gabeko harreman ereduak eraikitzea da helburua.Helburuak eta beharrak identifikatuta, horretan laguntza teknikoa emango duen zerbitzua kontratatzeko prozesua ireki zuen Udalak. Enpresa bakarra aurkeztu zen eta bere eskaintza ontzat jo da, kontratua berari esleituz, hau da, Urtxintxa Astialdi Eskolari.

  Enpresak aurkeztu zuen txosten teknikoak balorazio oso ona jaso zuen epaimahaiaren aldetik, egitasmoa bere testuinguruan kokatzean, helburu orokorrak eta zehatzak definitzean, ikasleekin eta irakasleekin landuko diren jardueren zehaztapenetan, zeregin edo egitekoak zerrendatu eta hauek helburu zehatzekin lotzerakoan edota ikastetxeekin, Gaztelekuko hezitzaileekin eta udaleko Berdintasuna sailaren koordinazioa nola bideratu azaltzerakoan. Eskaintza ekonomikoari dagokionean esleipena 63.000 eurotan egin da.

  Oñatin hezkidetza programa garatzeko laguntza tekniko zerbitzua bi urterako kontratatu da, beste hirugarren batez luzatu daitekeelarik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!