Urteko lehen elkarretaratzea egin dute pentsionistek, Gabonetako etenaren ondoren

Urtarrilaren 16an, Foruen enparantzan eta 12:00etan, astelehenero bezala, pentsiodunen borrokaren 5. urtemuga ospatzeko elkarretaratzea egingo da, jai giroan. Halaxe adierazi da gaurko elkarretaratzean. Borrokak darrai lemapean eta lorpenak lekuko direla ospatuko da pentsionisten mobilizazioen bosgarren urteurrena. Guztia 2018ko urtarrilean hasi zen, Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak bidalitako gutunei erantzuteko ekintza moduan. Pentsioak %0,25 jasoko zirela jakinarazi zitzaien jubilatu eta pentsiodunei lotsagarritzat jo ziren gutunen bidez. Eskutitzak batu eta rehusado hitza idatzita Madrilera itzultzeko mugimendua sortu zen. Oñatin, 545 gutun bueltatu ziren. Horren haritik astelehenero elkartzen hasi ziren pentsionistak eta horretan jarraitzen dute bost urteren ondoren.
Bost urte hauetan hainbat gauza lortu dituzte, garrantzitsuena, seguruenetik, pentsiodunen indarra eta euren eskaerak kontutan har daitezen presio talde direla agerian uztea. Baina beste lorpen batzuk ere aitortu dizkiete ekonomiak adituek: sistemaren sostengarritasunaren beharra aitortu zaie, pentsioak KPIaren arabera gaurkotzea, Gizarte Segurantzaren kutxatik bideratzen ziren hainbat gastu beste funts batzuetara bideratu beharra eta kobratuko den pentsioa kalkulatzeko urteak langilearen aukeran jartzea, besteak beste. Alargunen pentsioa jasotzea ere lortu da, nahiz eta askok oraindik hileko gastuei aurre egiteko zailtasunak dituzten, eta horregatik, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzen jarraitzen dute astelehenero. Osasun eta zaintza sistema publikoak eta pentsio duinak eskatzen jarraituko dute datorren astelehenean ere, baina festa giroan egingo dute, 12:00etan plazan.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!