Oñatiko udala

Urtarrilean 23 langabe gutxiago zenbatu dira Oñatin

2022/02/02
Card image cap
Gizonezkoen artean egin du behera langabeziak gurean

  Ez da ohikoena Oñatin urtea langabeziaren murrizketaz hastea, baina aurten halaxe gertatu da. Neguko kanpainari amaiera emanda, abenduan eta urtarrilean langabe kopuruek gora egin ohi dute gurean baina 2022an joera bestelakoa izan da eta 23 langabe gutxiago zenbatu dira Oñatin. Aipagarria da gainera, jaitsiera lan kontratua lortu duten gizonezkoen artean eman dela, emakume langabeak abenduan baino gehiago baitira.

  Adinari erreparatuta gainera, adin tarte guztietako gizonezkoen artean egin du behera langabe kopuruak gurean. Aldiz, 25 eta 45 urte arteko emakumeen artean ere behera egin du, ez ordea gazteago eta helduagoetan. Ondorioz, parekatzera zihoan emakume eta gizonezko langabeen portzentajea urrundu egin da azken hilabetean, lan gabe daude 100 oñatiarretatik 59 emakumeak direlako egun, abendu amaieran 55 zirenean.

  Langabezian geratu aurreko jarduerari begiratuta, zerbitzuen alorrean lan egin eta kontratua amaitu zaienen kopuruak gora egin du azken hilabetean. Industrian kontratazioa egonkortzen ari dela pentsa daiteke bestalde, aurreko hilabeteetan baino langabe gutxiago erregistratu baitira sektore horretan aritu ondoren, SEPE Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikotik igorri dituzten datuen arabera.

  Urtarrilaren 31ko dataz Oñatin 342 langabe zeuden eta langabezia tasa % 6,29 zen. Pandemia sortu aurreko 2020ko datuekin alderatuta, 16 langabe gehiago daude egun eta tasa 30 ehuneneko handiagoa da.

  Baina beste behin ere Oñatik datu orokorren kontrako joera erakutsi du, Hego Euskal Herrian langabeziak gora egin baitu, 1.890 langabe gehiago zenbatu dira. Lau herrialdetan zenbatu dira abendu amaieran baino langabe gehiago. Eguberrietako kanpainaren amaierarekin bat, Gizarte Segurantzak 8.916 afiliatu galdu ditu

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!