Oñatiko udala

Urrutxuko zabortegiaren ingurumen kontrol eta jarraipen zerbitzua kontratatu nahi du Udalak

2022/05/25
Card image cap
Proposamenak aurkezteko epea maiatzaren 31n itxiko da

  Urrutxuko zabortegia zigilatu eta berreskuratzeko prozesua etapak betetzen ari da, Udalak Urrutxu gunea garatzeko urbanizazio proiektua onartu zuenetik, 2003an.

  Zabortegi moduan erabilitako gunearen lurzorua kutsatuta egon zitekeela eta, zigilatzeko proiektua idatzi zen, inguruan inpermeabilizazio eta isolamendu neurriak hartu zirelarik. Zigilatze lanok faseka egitea aurreikusi zen eta lehen faseko lanak 2011an amaitu ziren. 2014tik 2019ra bitartean zigilatze osteko ingurumen jarraipen lanak egin ziren eta zigilatze partzialaren exekuzio zuzenaren ebazpena jaso zen Eusko Jaurlaritzatik, 2019an. Baina kontrol lanek jarraipena izan behar dute eta hori egingo duen enpresa kontratatzeko prozesua abian du Udalak.

  Urrutxuko zabortegiaren ingurumenaren jarraipena eta kontrola egiteko zerbitzu kontratua bi urtetarako egingo da, beste bi urtez, eta urtez urte, luzatzeko aukerarekin. Era honetako lanetan eskarmentua duen enpresa kontratatu nahi du Udalak, horregatik, lanak esleitzeko irizpideetan antzerako lanetan esperientzia izatea bereziki baloratuko da, kontratu kopurua eta aurrekontuak kontutan hartuta. Bi atal hauek puntuazio orokorraren %40a eramango dute eta %60a, egindako eskaintza ekonomikoak.

  Udalak lizitaziorako finkatu duen oinarrizko aurrekontua, 23.595 euro da, BEZa barne. Urrutxuko zabortegiaren ingurumen kontrol eta jarraipen zerbitzua eskuratzeko lizitaziora aurkeztu nahi duten enpresek, maiatzaren 31ra arteko epea dute proposamenak aurkezteko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!