Oñatiko udala

Urrunketa politika desaktibatzea eskatu du udalak, Udalbatzaren Erakunde Adierazpen bidez

2018/02/01
Card image cap
Oñatiko presoen senideek biharko antolatu duten giza katean parte hartzeko deia zabaldu da

  Xabier Ugarte oñatiarraren bikoteak larunbatean izan zuen istripuak eragin du Udalbatzaren Erakunde Adierazpen hau. Oñatitik 403 kilometrotara dagoen Salamancako Topas espetxean senarra bisitatu ondoren itzulerako bidaia hasi eta gutxira, ustez basurde bat jo zuen autoaz Ugarteren bikoteak. Istripuak zauririk eragin ez zion arren, autoa bertan utzita taxian itzuli behar izan zuen. Istripua ia 29 urtez luzatzen ari den presoen urrunketa sistematikoaren ondorio dela dio Udalbatzaren Erakunde Adierazpenak. Praktika honek zuzenean eragiten die presoei eta senide eta lagunei, bidaia luzeak egitera bultzatzen baititu.

  Urruntze politikak istripu ugari eta kalte fisiko nahiz materialak eragiten dituela gogorarazten da adierazpen instituzionalean. Hala, 16 senide hil direla, tartean, Natividad Junco oñatiarra, azpimarratzen da. Urruntze politikak zentzurik ez duela dio adierazpenak, are gutxiago ETAren behin betiko etena eta armagabetzearen ondoren. Oinaze guztiak eta pertsona guztien giza eskubideak  errespetatzeko momentua dela dio erakunde adierazpenak, etorkizun hobeago bat eraiki eta urrunketari amaiera emateko ordua dela aipatzen da eta senideen sufrimenduarekin amaitzea beharrezkoa dela azpimarratzen da.

  Guzti hori kontutan hartuta, lau puntuko adierazpena osatu du Oñatiko udalbatzak: Xabier Ugarte presoaren senideak izandako ezbeharragatik kezka azaltzen du lehenik eta urrunketa politikaren desaktibazioa eskatzen du bigarren puntuan , presoen eta beren senide eta lagunengan eragiten duen sufrimendu eta zigor gehigarriarekin bukatzeko. Zentzu horretan, bihar egingo den giza katean parte hartzeko deia egiten die udalbatzak oñatiarrei. Istripu gehiagorik ez, dispertsioarekin amaitu!"lelopean egingo den giza katea 19:30tan hasiko da. Era berean, Oñatiko udalbatzaren erakunde adierazpenaren berri espainiar gobernuari emango zaio.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!