Urriaren 31n Irizar okindegia itxiko da, ia 90 urteko ibilbidearen ondoren

2022/10/27
Card image cap
Ekainaren 30ean, Eskolatxoko okindegia itxi zen

  Lau hilabeteko epean herrian erreferentzia ziren bi okindegi itxiko dira eta nabarmentzekoa da, biak Atzeko kalean, aurrez aurre urteetan egon direla: Irizar eta Eskolatxo.

  Irizar okindegikoek dendan eta sare sozialen bidez jakinarazten ari dira astelehenean itxiko dutela. Arrazoi pertsonalak aipatu dituzte okindegia ixteko. Bestelako adierazpen publikorik ez dutela egingo adierazi digute. Ia 90 urte eman ditu Irizar familiak ogia egiten eta urte guzti hauetan beraiengan jarritako konfiantza eskertu nahi dute. Enpresaz, urtetan egin eta saldu duten ogiaz eta lan egiteko moduaz oroitzapen onak geratu izana espero dute Irizar okindegikoek zabaldutako oharrean aipatzen dutenez.

  Herriko beste denda eta okindegi historikoa itxiko da urria amaitzearekin batera. Aipagarria da herrian ogia, egunero eta modu tradizionalean, egiten duten negozioak gutxiagotzen ari direla. Herri gunean hiru zeuden urte hasieran, baina Eskolatxo ekainean eta Irizar orain itxita, bakarra geratuko da: Egaña okindegia, alegia. Zubillagan Ogizun eta Olabarrietan Aiastui ditugu.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!