Oñatiko udala

Urriaren 1etik aurrera kale garbiketa zerbitzua Udalak zuzenean kudeatuko du

2016/03/04
Card image cap
Erabaki formala atzoko Osoko Bilkuran hartu zen gobernu taldearen aldeko eta oposizioaren kontrako botoz

  Kale garbiketa zerbitzuaren kudeaketa eredua aldatu ahal izateko diru eta langile baliabideetarako erabakiak hartuta zeuden arren, erabaki formala falta zen eta hori, atzoko Osoko Bilkuran hartu zen. EH Bilduren aldeko eta EAJren kontrako botoz baina gehiengoz erabaki zen kale garbiketa zerbitzua berriro publifikatu eta Udalak zuzenean kudeatzea.

  Eztabaida luzea izan zuen gaiak, Udalbatza osatzen duten bi taldeek kudeaketa eredu ezberdina defendatzen baitzuten. Erabakiaren helburua kalitatezko zerbitzua eskaintzea dela adierazi zuen alkateak, eta aldi berean zerbitzua ekonomikoki jasangarriagoa izango dela gaineratu zuen. Udalak 10 langile kontratatuko ditu deialdi publiko bidez. Ildo honetan, gaur egun FCCrentzat lanean diharduten langileak deialdi publiko horretara ahalik eta baldintza onenetan aurkeztu ahal izateko malgutasunez jokatuko dutela adierazi zuen alkateak, beti ere lege barruan. EAJ Udalak zerbitzuaren kudeaketa zuzena berreskuratzearen aurka azaldu zen. Berez, zerbitzu baten zuzeneko edo zeharkako kudeaketak kalitatea ez duela bermatzen esan zuen Miren Elgarresta bozeramaleak. Horregatik,  baldintza plegu zorrotz batekin, zerbitzua berriro lehiaketa publikora ateratzea proposatu zuten jeltzaleek, modu horretan egungo langileen lanpostuak eta eskubideak bermatuko liratekeelako.

  Bozkatzerakoan, esan bezala, bakoitzak bereari eutsi zion eta EAJk kontrako botoa eman zuen. Baina Udal Gobernu Taldeak duen gehiengoaz baliatuta, kale garbiketa zerbitzua Udalak zuzenean kudeatuko du berriro urriaren 1etik aurrera. Izan ere, egun FCCrekin dagoen kontratua irailaren amaieran beteko baita.

  Oñatiko udalak 1998an pribatizatu zuen kale garbiketa zerbitzua eta 18 urte beranduago berriro publifikatuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!