Urko Arregi Gipuzkoako Eskolarteko finalean arituko da

Atzo ilunkaran jokatu zen Azkoitiko Iraurgi Elkartean Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako azken kanporaketa. Afalondoren izan zen saioan Urko Arregi, Itziar Mendia, Iker Letamendia, Lierni Rekondo, Naroa Aguirre eta Imanol Albizu aritu ziren kantuan. Oñatiarra saioko irabazlea izan zen eta ondorioz, finalerako txartela zuzenean jaso zuen.
Legazpin izan zen lehengo kanporaketan Gontzal Belategik lortu zuela finalerako sailkapena. Hala, apirilaren 17an Eibarko Coliseoan jokatuko den finaleko saioan bi oñatiar arituko dira: Urko Arregi eta Gontzal Belategi.
Finalean zortzi bertsolarik parte hartuko dute eta Oñatiko bertso eskolako bi kideekin batera Libe Goenaga, Ane Peñagarikano, Andoni Mujika, Beñat Mujika, Aizpea Garmendia eta Itziar Mendia arituko dira. Gai jartzailea berriz, Saroi Jauregi izango da.
Gipuzkoako eskolarteko bat-bateko txapelketan 15 eta 18 urte bitarteko 31 bertsolarik parte hartu dute, tartean, Oñatiko bertso eskolako bost lagunek: Gontzal Belategi,Bittor Zubiagirre, Aritz Irigoien, Aitor Tatiegi eta Urko Arregik.
2014an Maider Arregi oñatiarra izan zen Gipuzkoa eta Euskal Herriko eskolarteko txapelduna.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!