Uribarri auzoan ur mozketa izango da astelehenean, 8:30tatik 12:30tara
Uribarri auzoko 17 etxeri eragingo dio asteleheneko ur mozketak, konkretuki, Uribarri auzoko 1etik 13ra bitartekoei eta 18, 19A eta 19B eta 20 zenbakidunei. Lau orduko ur mozketa izango dute astelehenean, 8:30tatik 12:30etara. Baina Uribarri auzoko ur hornidura sarea berritzeko lanek jarraipena izango dute eta ondorioz, ur mozketa berriak egitea aurreikusten da, horietarako datak finkatu gabe dauden arren.
Aldi berean, herri gunean ere, aurrera darraite Roke Azkune auzune inguruan eta Euskadi etorbidean hasitako lanek.
Roke Azkunetik San Martingo zubira bitartekoak nahiko aurreratuta daude, bai behintzat, Roke Azkunetik Kalegoiena bitarteko lehenengo fasean. Fibrozementuzko hodiak tratatzeko baimena eskuratzearen zain etenaldi txiki batzuk izan ditu obrak baina, une honetan, hodiak aldatuta, frogak egiten hasi dira jada eta hartutako ur laginen emaitzen zain daude. Analitikek emaitza egokia erakutsiz gero sarerako lotura lanak egiten hasiko dira, datorren astean bertan. Asmoa, Kalegoiena arteko tartean ireki ziren zangak estali eta handik San Martingo zubira bitartean zulatzen hastea da, hau da, bigarren faseari ekitea.
Eta antzera egingo da Euskadi etorbidean ere, lanak egiten doazen heinean irekitako zangak itxiko dira. Edateko uraren hoditeria berritzen ari dira Euskadi etorbidean. Hodiak espaloiaren azpitik doaz eta pare horretan zulatu dira. Baina obra gunea luzea da, Bidaurretako errotonda pareraino eta errepidea zeharkatuta Garaineko finkaren sarreraraino iristen baita. Eremu osoa aldi berean zabalik izan gabe, lanak egin ahala zanga ixtea aurreikusten da, bereziki, oinezkoen segurtasun eta erosotasunerako. Euskadi etorbideko lanak hainbat astez luzatuko dira oraindik.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!