Oñatiko udala

Urgain herri eskolako jolasgunea eraberritzen jarraitzeko lanak esleipenera atera ditu Udalak

2024/01/31
Card image cap
2. faseko A ataleko lanak egingo dira

  Lur Paisajistak enpresak osatutako proiektuan oinarrituta ari dira eraberritzen Urgain herri eskolako jolasgunea. Bi fasetan egitea aurreikusi zen eta lehenengo fasea iaz egin zen. Patio ondoko lur saila jolasgunean integratu eta urak biltzeko kanalizazioa, kirol zelai asfaltatuaren azalera gogorra murriztu eta jolas eremu berritzailea sortu zen. Bigarren faseko lanen proiektuan hainbat lan osagarri jaso dira eta hasierako asmoak handitu dira, aurrekontua jasoz. Bigarren fasea bi zatitan banatzea erabaki da, ondorioz, eta A atalari dagozkion lanak atera dira esleipenera. Kirol guneko obra zibila eta saneamendu sarearen eraberritzea, argiztapena eta kirol eremuaren pabimentazioa egingo da datozen asteotan. Kirol elementuak ere aldatuko dira. Lanak egiteko 12 asteko tartea mugatu da esleipen deialdian eta aurrekontua berriz, 244 mila euro da, BEZ barne.

  Interesa duten enpresek otsailaren 23ra arteko epea duten proposamenak aurkezteko. Halako lanak egiteko gaitasun teknikoa badutela egiaztatu beharko dute, azken bost urteetan egindako obren zerrenda atxikiz. Enpresa berria bada, dituen baliabide material eta pertsonalen berri zehatza eman beharko du. Lanak esleitzeko irizpide nagusia eskaintza ekonomikoa izango da, %85eko balioa izango duelarik. Berme epea luzatzea ere kontutan hartuko da, balorazioaren %15arekin.

  Urgain herri eskolako jolasgunea eraberritzeko lanak osatzeko, altzariak berritu eta arbolak eta bestelako landaketak egitea faltako da. Kasik 200.000 euro gehiago beharko dira horretarako eta oraindik ez da zehaztu noiz egingo diren, urte honen hondarrean edo 2025ean. Aurreko lanetan bezala, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Hezkuntza Sailetara joko da dirulaguntza bila.

  Urgaineko jolasgunea ikastetxeak erabiltzen du eskola egun eta ordutan, baina irekita egoten da gainontzeko tarteetan, auzotarrek eta herritarrek erabili dezaten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!