Urgain-Errekaldeko soto eraberritua inauguratu da, Hezkuntza sailari, Udalari eta bereziki gurasoei eskerrak emanez

2018/12/18
Card image cap
Herritar guztientzat etzi ireki da, 17:00tatik 19:00tara

  Gema Gonzalez de Txabarri Hezkuntza Saileko Gipuzkoako ordezkariak, Mikel Biain alkateak, Miren Aranburu guraso elkarteko presidenteak eta Ines Zubia Urgain-Errekaldeko zuzendariak parte hartu dute herri eskolako soto berrituaren inaugurazio ekitaldian. Baina ez dira falta izan udal ordezkariak, eskolako ikasle eta irakasleak eta herriko ikastetxe publikoen sarea osatzen duten beste zentruetako ordezkariak. Guztiak oso gustura ikusi dute soto eraberritua, garai batean nola zegoen eta egun nola dagoenaren arteko konparaketa komentarioak egiten zituzten bitartean.

  Halaxe azpimarratu du Ines Zubiak inaugurazio ekitaldian, egindako lanarekin eta emaitzarekin oso gustora daudela esanez. Era berean, eskerrak eman nahi izan dizkie, bai Hezkuntza sailari, Udalari eta bereziki, ikasleen gurasoei, egungo nahiz aurrekoei, hain beharrezkoa zen eraberritzea egin zedin urteetan egin duten lanagatik. Elkarlan hori izan du baita ere gogoan Gema Gonzalez de Txabarri hezkuntza ordezkariak, horrela lanak aurrera ateratzea errazagoa dela adieraziz. Mikel Biainek berriz, matrikula kopurua oso urria zuen urte zailetan hezkuntza publikoaren alde eta Errekalde herri eskolaren alde egin zuten gurasoak izan ditu gogoan.

  Errekalde herri eskolako ikasleek erabiliko dute bereziki soto eraberritua, baina eskola kiroleko hainbat ekintza ere bertan egiten dira. Herritar asko pasa da sototik urte hauetan guztietan, izan Oñatzeko kide gisa, izan Errokaldeko musika taldeen entsaiotarako edota beste ekintza batzuetarako. Soto eraberrituko ateak guztientzat zabalik izango dira etzi, ostegunez, 17:00tatik 19:00etara.

  Urgain-Errekaldeko eskolaren perimetro osoa hezetasunetik babestu da egitura isolatzaile berria eratuz. Ikastetxeko sotoko forjatu sanitarioa berritu da eta bertan psikomotrizitate gela, gimnasioa, euri egunetarako espazio zabala, biltegiak, komunak, garbitzaileen aldagelak eta biltegiak prestatu dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!